Ez zen esperotako finala izan igandekoa, Bikotekako Txapelketarena, Urumea bailarako bolarientzat. Txapeletatik urruti geratu ziren denak, Segurako bolatoki zailean. Garbiñe Alustiza eta Aitziber Makazaga zeraindarrek nagusitu ziren emakumezkoetan, eta Juan Mari Iñurritegi eta Juan Pedro Agirre legazpiarrak gizonezkoetan.
Laugarren postuan sailkatu ziren Rosa Santos astigartarra eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, emakumezkoetan, 36 brilarekin. Santosek nahikoa asmatu zuen, baina bolatokiari neurria hartu ezinik aritu zen Kanflanka. Horrela, ezin izan zuten final nagusirako langa gainditu.
Gizonezkoetan ere, finalerako lau postuetatik urrun geratu ziren bailarakoak. Seigarren sailkatu ziren Joxe Mari eta Ander Etxebeste aita-semeak, 57 brilarekin; eta kopuru berdinarekin zazpigarren izan ziren Ibon eta Aner Miner. Mikel Arroiok eta Benito Loitegik, berriz, zortzigarren bukatu zuten (54). 67 brilatan geratu zen finalerako langa.
Iraultza gertatu zen final nagusi horietan. Emakumezkoetan, Bea Unzuek eta Arantxa Albenizek bota zituzten brila gehiago semifinalean (64), Alustizak eta Makazagak baino (64). Baina finalean, bina bola gehiago botata, hobeto aritu ziren zeraindarrak (77 brila). 68 brila bota zituzten Unzuek eta Albenizek.
Are deigarriagoa izan zen iraultza, gizonezkoetan. Semifinalean laugarren sailkatu ziren Iñurritegi eta Agirre, 67 brilarekin, Xabier Lazkano-Iosu Lazkano (70), Ekaitz Izagirre-Imanol Agirre (69) eta Saigots Iglesias-Ramon Iglesias (68) bikoteen aurretik. Semifinala bezala, oso estua izan zen finala ere, eta 88 brilarekin nagusitu ziren legazpiarrak. 85 bota zituzten Lazkanotarrek eta Izagirre-Agirre bikoteak; eta 83 brilarekin geratu ziren Iglesiastarrak.
Lehendakari Txapelketa, igande honetan hasita
Bikotekakoa bukatu berri, Lehendakari Txapelketari ekingo diote bolariek, igande honetan, Belauntzan. Beste hiru tiraldi izango ditu txapelketak, Ategorrietan, Legazpin eta Altzan.