Salaberriak eta Gaskuek partidu garrantzitsua irabazi dute eta Umore Onak bana berdindu du Urbionen aurka

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 00:00

Hirugarren kokatu dira sailkapenean liga amaitzeko bi partiduren faltan. Ekain Lizeagak berriz irabazi du ordezko bezala.

 

Binakako Serie B txapelketan garaipen garrantzitsua lortu zuten Salaberriak eta Gaskuek, 22-11, Bakaikoa eta Moragetxeberriaren aurka. Liga amaitzeko bi partiduren faltan, hirugarren kokatu dira sailkapenean sei garaipen eta sei porrotekin. Zazpigarrenek bost garaipen dituzte.

Ekain Lizeagak ere jokatu zuen, oraingoan ere ordezko bezala Salaverri II.aren partez, Larrazabalekin. Titular izateko dagoela erakutsi zuen eta berriz ere garaipena lortu zuen Egiguren V.a eta Erostarberen aurka, 22-10. Azken bi jardunaldietan maila altua erakutsi du atzelari astigartarrak.

 

Eñaut Lizeagak irabazi, eta Apezetxeatarrek, galdu

Afizionatu mailan, Umore Ona Espainiako Txapelketa jokatzen ari da Ohorezko Mailan. Oraingoz lau jardunaldi jokatu dituzte eta bigarren garaipena lortu zuen Eñaut Lizeagak, Urbion A taldeko Iker Egiguren 2-0 (10-7 eta 10-2) garaitu eta gero. Binakako partiduan Beñat Apezetxeak eta Eñaut Apezetxeak galdu egin zuten Urbioneko Beñat Azketa eta Aingeru Bernaolaren aurka 1-2 (5-10, 10-8 eta 1-5).

Umore Onak bi garaipen eta sei porrot izan ditu lau jardunalditan eta hamar puntu ditu. Hamar taldek osatzen dute Ohorezko Maila eta goizuetarrak bederatzigarren postuan daude sailkatuak Zugarralde zortzigarren sailkatuarekin berdinduak. Bederatzigarrenak jaitsierako promozioa jokatzen du Lehenengo Mailako bigarren sailkatuaren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!