'Mierda de ciudad' eta 'Puertas abiertas', antzezlanak aste honetan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 00:00

'Mierda de ciudad' antzezlanaren eszenetako bat.

Ostegunean eskainiko da Biterin lehenengoa eta ostiralean, Erriberan, bigarrena.

Aste honetan antzerkiak lekua izango du Hernaniko eta Astigarragako kultur agendetan. Ostegunean, Biterin, 19:00etan Mierda de ciudad antzeslana eskainiko da gazteleraz. Hurrengo egunean, ostiralean, Erriberak hartuko du lekukoa Puertas abiertas antzeslanarekin. Hau ere gazteleraz. Biak 19:00etan eskainiko dira.

Mierda de ciudad Olatz Gorrotxategik zuzendutako porrotari buruzko lan bat da. Izaera performatiboko proiektu eszenikoa da, eta Euskal Rock Erradikalaren mugimendu kontrakulturala eta borroken eta musikaren testuinguru historikoa kontatzen ditu, westerna eta kolonizazio kulturala analogia gisa erabiliz. Hiru interpretek eta alboko hiru artistak lehen pertsonan kontatutako istorioa.

Belaunaldi bat bere lekuaren bila. Punka iritsi da. Duelu bat. Westernaren isiltasun existentziala. Jadanik bera izan nahi ez duen amorratua. Ni naiz naizena. Euskal diaspora Idahon eta Nebraskan. Cowboy bat txistua botatzen. Hiru pertsona 80ko hamarkadan hasi eta gaur hemen, zure aurrean amaitzen den istorio bat kontatzen. Sioux indiarrak euskal folklorea defendatzen. "Bilatu" dioen kartel bat. Saloon bat hustea. Beste okupazio bat. Belaunaldi baten amaiera.  Mucha policia poca diversión. Porrota. Amerikako Estatu Batuetako erreserbak. Punkaren erreduktoak.

Aritza Rodríguez, Marta Álvarez del Valle eta Olatz Gorrotxategi bera dira antzezleak eta Joseba B. Lenoir-ek jartzen du musika. Sarrerak online erosi daitezke edo Biteriko leihatilan 8 euroren truke.

 

Erriberan doan, ostiralean

Puertas abiertas doan eskainiko da ostiralean, 19:00etan, Erriberan eta Pixkolabis antzerki taldearen obra da. Rafaelak eta Ursulak infernua partekatzen dute irakurgelan. Oftalmologo batek, Lucifer izenez ezagunagoa den Lucia Fernanda doktoreak, haien begiak kontrolatzen ditu eta zer irakurri behar duten esaten die. Marina iritsiko da, irakurgelan bere maitalea topatzea espero du eta bere etorrerak beste bien errutina aldaraziko du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!