Donostian aurkeztuko dute Euskal Herriko Torturatuen Sarea otsailaren 15ean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 2a, 00:00

Euskal Herriko Torturatuen sareak aurkeztu zuen ekitaldia.

Euskal Herriko Torturatuen sarea ehuntzen joan da, oso modu diskretu eta aktiboan, Kursaalen egingo du aurkezpen publikoa.

 

Euskal Herriko Torturatuen sarea ehuntzen joan da azken urtean, oso modu diskretu eta aktiboan, eta otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen egingo du aurkezpen publikoa, goizeko 09:30etan, eta bere ibilbidearen hasiera, nazio batzar eratzailean. Euskal Herriko Torturatuen Saretik diotenez, «berriro ere, tortura jasan duen pertsona oro bertaratzera gonbidatu nahi dugu, aitortzaren bidea torturatuok elkarrekin egiteko». 

Orain dela urtebete, otsailaren 13aren testuinguruan, Euskal Herriko torturatuak saretzeko asmoz martxan jarri zuten talde-sustatzailea aurkeztu zuten publikoki. «Azken hilabeteetan Euskal Herriko Torturatuen Sarearen sortze- prozesuaren barnean, aurkezpen-batzarrak egin ditugu hainbat eskualdetan». Beterri-Buruntzako Hernanin, Sandiusterrin izan zen. Bertan, «Nafarroako Torturatuen Sareko esperientzia oinarri, talde-sustatzaileko lagunek esku artean dugun erronka aurkeztu, eta berari eusteko deia egin diegu bertaraturiko pertsona torturatu guztiei».

 

Batzarretan 700 torturatutik gora hartu dute parte

Batzarretan 700 lagun torturatutik gora hartu dute parte, denen artean Euskal Herri mailako prozesuan ekarpena eginez. «Are gehiago izan dira lagun saretuak, zeinetara era batean edo bestean heldu garen, iazko otsailaren 13an aurkeztu genuen erronkaren berri emateko. Azaleratu gabeko sufrimendu haundia dago oraindik ere, eta sakona da, torturak eragindako zauria. Horren isla da udazkeneko batzarren testuinguruan ehundaka lagun torturatuek sareari adierazitako atxikimendua eta pizturiko interesa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!