Endika Barrenetxeak agur esan behar izan dio Masters Txapelketari, belauneko lesio bat tarteko

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Ezingo du Masterseko partidua jokatu Endika Barrenetxeak, gaurkoan.

Hernaniarrari zauri bat infektatu zaio eta erabat puztuta dauka belauna, crohn gaixotasunaren eraginez. Hori horrela, ez dago gaur jokatzeko moduan, eta Xabier Azpiroz ariko da Masters Txapelketako finalean, Imanol Ansaren kontra.

 

Nahi ez bezala bukatu da buruz buruko Masters Txapelketa, Endika Barrenetxearentzat. Hernaniarra prest zegoen gaur Xabier Azpirozen kontra lehiatu eta finalerako txartela lortzeko, uitziarra menderatuta. Baina ez da jokatzeko moduan izango: belaunean zeukan zauri bat infektatu egin zaio egun hauetan, eta erabat puztuta dauka belauna. Hernaniarrak daukan crohn gaixotasunak eragin dio infekzioa, azaldu duenez. Gauzak horrela, Masterseko partidurik ez da izango gaur, eta finalera zuzenean sailkatuko da Azpiroz, gaur zortzi Imanol Ansaren kontra jokatzeko.

Mastersekorik ez, baina hiru partiduko jaialdi polita izango da gaur arratsaldean Galarretan, 15:15etan hasita. Eta estelarrak piztuko du ikusmin berezia, Masterseko bi finalistak ariko baitira elkarren kontra, binaka. Gainera, Aritz Zubiri goizuetarra ere ariko da estelar horretan. Ansarekin batera jokatuko du Zubirik, Kemen Aldaberen eta Azpirozen kontra.

Jaialdiko hirugarren partiduan, berriz, Aitor Aiestaran hernaniarrak jokatuko du, Urtzi Gurrutxagarekin batera. Jon Irazu eta Ibai Martirena izango dituzte kontrario.  Aurretik, jaialdiari hasiera emango dion partidua ere punta-puntakoa izango da: aurrez aurre ariko dira Ander Goikoetxea eta Iban Larrañaga, eta Aimar Jabalera eta Aritz Juanenea. Gaurko partidu guztiak izango dira hiru setera.

Esan bezala, datorren larunbatean jokatuko dute finala Azpirozek eta Ansak, eta beste osagai erakargarririk ere izango du jaialdi horrek: Javier Urrizaren aurreneko partidua izango da, erremontea utziko duela iragarri zuenetik. Iruindarra jokatzen ikusteko geratzen diren 11 aukeretatik, aurrenekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!