Binakakoaren partidu garrantzitsua dauka  Iker Salaberriak bihar Bilbon, Gaskuerekin batera

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Lasaitzeko aukerarik ez dauka Iker Salaberriak oraingoz, Binakakoan.

Goizuetarrak eta ultzamarrak bere maila onena eman beharra daukate ligaxkako azkeneko hiru partiduetan, aurrera egiteko. Bakaikoa eta Morgaetxeberria izango dituzte kontrario bihar, arratsaldeko 17:15etan hasita.

 

Azken txanpan sartu da bigarren mailako Binakako Txapelketaren ligaxka, eta ez dago lasaitzerik oraingoz, Iker Salaberria goizuetarraren kasuan. Berak eta Andoni Gaskue ultzamarrak ahalik eta garaipen gehien pilatu beharko dituzte azkeneko hiru partiduetan, aurreneko sei bikoteen artean sailkatzeko. Une honetan, bosgarren dira, baina haiekin berdinduta daude atzeko bi bikoteak.

Aurreneko hitzordua bihar izango dute, Bilbon, 17:15etan. Bakaikoa eta Morgaetxeberria izango dituzte kontrario.

Bestalde, Ekain Lizeaga astigartarrak atzo gauean jokatu zuen berriro, ordezko bezala, bigarren mailako Binakakoan. Salaverriren tokia bete zuen, eta Iker Larrazabal amurriotarrarekin batera aritu zen Oñatin, Egigurenen eta Erostarberen kontra.

 

Oier Gurutzealde, trinketeko banakakoan gaur

Bestalde, martxan da Gipuzkoako Banakako Txapelketa, trinketean. Nagusien lehenengo mailan, herenegun egin zuten debuta hiruk: Xabier Barandiaran astigartarrak 40-7 menderatu zuen Behar Zanako Iraola; eta Unax Manterola hernaniarrak 40-38 irabazi zion Iñigo Labaka herrikideari.

Oier Gurutzealde astigartarraren txanda da gaur, 11:00etan Irurako Ametsan, Behar Zanako Esnaolaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!