Makilak prest Santa Agenda bezperarako, eta mailuak eta zartagiak kaldererotarako

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Urumea bailara osoan zehar astinduko dituzte makilak otsailaren 4an. Inauteriak ere bertan dira, eta kalderero eguna ere ospatuko da herri herriz.

Bailara osoan ospatzen den egunik baldin badago hori Santa Ageda bezpera izaten da. Astigarragan, Hernanin, Ereñotzun, Goizuetan... Urumea bailarako txoko guztietan astinduko dituzte makilak eta eztarriz sano ibiliko dira kalez kale, auzoz auzo eta baserriz baserri. Baina ez da ohitura zaharrei eusteko egingo den ospakizun bakarra, inauteriak iragartzeko kaldereroak ere ospatuko dira bailaran, otsailaren 8an Hernanin eta 22an Astigarragan.

Santa eskean otsailaren 4an aterako dira, 16:00etan. Elkartean bertan bilduko dira eta ondoren baserriz baserri eta kalez kale ibiliko dira, ilunabarrera arte.

Kale buelta ugari izango dira Hernanin. Urumea ikastolako LH3 eta LH4 mailako ikasleak, zaharren egoitzara joango dira bertako egoiliarrei abestera (10:30etan). Ondoren, herrian barrena ibilbidea egingo dute: Elkano eraikina zegoen eremua, Udaletxeko Plaza, Portalondo, Biteri Kultur Etxea, Tilos eskailera azpia... Ikastolako patioan 12:00etan abestuko dute eta, arratsaldean, ikastolako patioan 16:15ak aldera. Ondoren, 17:00etan jarri du zita Goiz Eguzki abesbatzak: zaharren egoitzara egingo dute bisita aurrena, eta Kaxkoan egingo dute kale buelta gero.

Eta azkenik, 17:45etan elkartuko da Ohitura Zaharrak taldea, Milagrosan. Kantu, bertso eta txistu doinuz jantziko dute Kaxkoa, eta herritar guztiei luzatu diete bat egiteko gonbitea.

Astigarragan eguerdiko 18:00etan hasiko da Aiztondo abesbatzaren kalejira.

Astigartarrek egingo dute kale buelta goiztiarrena, bailaran. Goizeko 11:00etan hasiko du kalejira Aiztondo abesbatzak, eta kalez kale ibiliko da bazkalordura arte, koplak abesten.

Eta Goizuetan, azkenik, elkartuko dira herriko plazan. 14garrenez ospatuko dute Santa Ageda bezpera bertan, eta gonbitea luzatu diete herriko haur, gazte eta heldu guztiei, animatu eta parte hartzeko.

 

Hungariako doinuak zartagia joz

Bertan dira inauteriak, eta hauek iragartzeko kalderero eguna ospatuko dute Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan.

Hernanik iaz huts egin arren, aurten indarrez eta gogoz prestatu dute kalderero eguna, otsailaren 8an. Larunbatez iritsiko dira kaldereroak Hernanira eta ohi bezala, Elur Txori Elkartekoek eta herriko haur, gazte zein helduek ongi etorria ematea izango da asmoa. Horretarako, arratsaldeko 17:30etan Gudarien Enparantzan bilduko dira, txaranga lagun izanda, eta kaxkoan barrena ibiliko dira hungariar kantuak abestuz. 19:00etan txokolatada goxo baten bitartez Hungariako kaldereroak agurtuko dituzte. Baina festa ez da hor amaituko, «afari girotua antolatu dugu elkartean bertan, nahi duenarentzat». Otsailaren 5ean eta 6ean entsaioak egingo dituzte arratsaldeko 19:00etan Elur Txori elkartean. Kalejiran parte hartzeko zein afaltzeko izena eman behar da.

Astigarragan beranduxeago iragarriko dituzte inauteriak, otsailaren 22an. Zipotza elkarteak antolatuta kalejira egingo dute herrian barrena arratsaldeko 17:30etan hasita. Ergobiako plazan elkartuko dira eta Emakumeon plazan bukatuko da. Sasoiez abestu ondoren afaria ere izango da, eta afarira joateko txartelak Zipotza elkartean daude salgai.

Goizuetan ere ospatuko dute kalderero eguna, Hernanin bezala, otsailaren 4ean. Herriko plazatik abiatuko da kalejira arratsaldeko 18:30etan. Antolakuntzatik herritarrak baserritar jantzia janztera animatu dituzte, eta gonbidapena luzatu diete herriko ume, gazte zein helduei parte hartzera, «denon festa baita».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!