Seguran jarriko dituzte jokoan, bihar, bola denboraldiaren aurreneko txapelak. Bikotekako Txapelketaren finala jokatuko dute, goizeko 10:00etan hasita; eta Urumea bailarako lau bikote ariko dira lehian. Emakumezkoen finalean izango dira Rosa Santos astigartarra eta Martxeli Kanflanka hernaniarra; eta gizonezkoen finalean bailarako beste hiru bikoteak: Aner Miner eta Ibon Miner, Mikel Arroio eta Benito Loitegi, eta Joxe Mari Etxebeste eta Ander Etxebeste.
Denera, 10 bikote ariko dira gizonezkoen txapelen bila, eta lau bikote emakumezkoen garaipenaren jokoan.
Gizonezkoen finala jokatuko dute aurrena, Goizeko 09:30etan egingo dute ordenaren zozketa, erabakitzeko noiz botako duen bikote bakoitzak; eta 10:00ak arte probatu ahal izango dute bolatokia. Orduantxe hasiko dira tiraldiak, eta finalerdietako kanporaketarekin ekingo diote: sei tiraldi egingo ditu bolari bakoitzak, eta lau bikote onenak sailkatuko dira finalera. Eguerdiko 12:00etan hasiko da finala, eta zortzi bola botako ditu bolari bakoitzak. Finalean brila gehien botatzen dituen bikotea izango da txapeldun.
Berdintsua izango da formatua, emakumezkoen finalean. 11:45etan egingo dute ordenaren zozketa, eta 11:45etatik 12:00etara izango dute probak egiteko aukera. Finalaurrekoa 12:00etan jokatuko dute, gizonezkoen finalaren aurretik; eta sei tiraldi egingo ditu bolari bakoitzak. Bi bikote sailkatuko dira finalera, eta 12:50etan jokatuko dute hori, zortzina bola botata.