Partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte mutilen taldeek gaur, etxean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Bere maila onena berreskuratu beharra daukate Hernaniko mutilek.

Hernanik Oiartzun indartsua hartuko du Zubipen, eta Mundarrok Billabona azkeneko sailkatua Zarkumendegin.

Egoera zailean daude bailarako mutilen futbol talde nagusiak, eta lehenbailehen daukate buelta eman beharra, beheko postuetatik ihes egiteko. Bide horretan, partidu garrantzitsua daukate gaur, etxean ariko baitira Hernani eta Mundarro.

Berdeek Oiartzun indartsuaren bisita jasoko dute Zubipen, Ohorezko Erregional Mailan. Hirugarren sailkatua da talde oiartzuarra, eta bere maila onenean aritu beharko du Hernanik, hiru puntuak etxean geratu daitezen. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua.

Ordu berean jokatuko du Mundarrok Zarkumendegin, Billabonaren kontra. Erregional Preferenteko azkeneko sailkatua da talde villabonarra, eta bai ala bai irabazi beharreko partidua da moreentzat.

 

Euskal Ligan, Barakaldora bisita Hernaniko neskek

Oraingoan, etxetik kanpo ariko dira Hernaniko neskak, Euskal Ligan. Barakaldon jokatuko dute bihar, Pauldarrak taldearen kontra, 17:30etan Serralta zelaian. Partidu polita izango da, bi kontrario zuzenen artekoa. Denboraldi polita ari dira osatzen bi taldeak, eta seigarren eta zazpigarren daude sailkapenean: Pauldarrak 35 punturekin, eta Hernani 34rekin. Aurreneko itzulian, 3-1 nagusitu ziren berdeak Zubipen. Erronka polita daukate bihar, Barakaldotik ere hiru puntuak ekartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!