Hernaniko eta Ereñotzuko ikastetxeetan jaitsi egin da ikasle kopurua 2024/2025 ikasturtean

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 1a, 00:00

Hernaniko eta Ereñotzuko ikastetxeetan 2.105 haurrek ikasten dute.

Bailarako ikastetxeen datua aztertuz, Hernanin eta Ereñotzun 2.105 ikasle daude Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Astigarragan, berriz, 726 ikasle daude Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Etzi, otsailak 3, hasiko da 2025/2026 ikasturteko Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aurrematrikulazioa egiteko epea, eta otsailaren 14ra bitarte luzatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan. Beraz, Urumea bailarako herritarrek 12 egun izango dituzte Hernaniko ikastoletan, Ereñotzuko eskola txikian eta Astigarragako Herri Eskolan aurrematrikula egiteko. Nafarroan, ordea, oraindik ez dute jakinarazi noiz irekiko duten aurrematrikula egiteko epea ikasturte honetarako. 

Astigarragako Herri Eskolan mantendu egin da ikasle kopurua, joan den urtean 727 ikasle zeuden apuntatuta eta aurten, berriz, 726 ikasle dira guztira. Haur Hezkuntza 277 ikaslek osatzen dute eta Lehen Hezkuntza 449 ikaslek. Aurreko ikasturtearekin alderatuta ikasle bat gutxiago soilik dago aurten. Orain dela bi urteko datuekin alderatuta, igoeran mantendu da Herri Eskolako ikasle kopurua, 704 ikaslek osatzen baitzuten ikastola. 

Aipatzekoa da, beste behin, Astigarragako Herri Eskola dela bailaran ikasle gehien biltzen dituen ikastetxea, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak batuta. Langile ikastolak dituen ikasle kopurua gertu egonik ere, 105 ikasle gehiago daude Astigarragan. Beste urteekin alderatuta kopurua mantentzen da.

 

126 ikasle gutxiago Hernanin

Hernaniko errealitatea bestelakoa da, hiru eskola publiko eta bat kontzertatua daudelako. Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurrematrikulazioa egiteko ikastetxe aukera anitza eskaintzen da. Alde batetik, ikastetxe publikoak daude: Elizatxo, Langile eta Urumea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko, berriz, Hernani BHI Institutuan izena emateko aukera ere badago. Eskola kontzertatua ere badugu Hernanin, Aratz ikastetxea. Azken honetan ere, aukera zabala eskaintzen dute, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gelak edukitzeaz gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ere badutelako.

Ereñotzun ere badute txikienek bertan ikasteko aukera, Lehen Hezkuntzara arte behintzat, Txirrita herri eskola txikian.

Guztira 2.105 haur daude Hernanin  Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, joan den ikasturtean baina 126 ikasle gutxiago.

Arretaz begiratuz gero, ikusi daiteke ikasle kopuruen datuak nola aldatu diren iazko kurtsotik hona. Aratzetik hasita, aurten 307 ikaslek osatzen dute, HH 79, LH 127 eta DBH 98; Elizatxo 351 ikaslek osatzen dute, HHn 133 eta LHn 218.  Urumea 215 haurrek osatzen dute, HHN 61 eta LHn 154; Langilen 621 ikasle daude, HHn 226 eta LHn 395; Ereñotzuko Txirrita eskolan berriz, 49 ikasle daude guztira, HHn 15 eta LHn 34; eta azkenik, Hernaniko BHI Institutuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 564 ikasle daude guztira, lehenengo mailatik hasi eta laugarreneraino. Batxilergoan, berriz, guztira 232 ikaslek ikasten dute, beraz, Hernaniko BHI Institutuan guztira 797 ikaslek ikasten dute gaur-gaurkoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!