Zortzi film laburrekin osatutako bilduma eskainiko du Laburbirak bere 22garren edizioan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 31a, 00:00

Ekain Martinezen 'Prosopagnosia' filma. Argazkia: Zinebilera.

Martxoaren 7tik apirilaren 11ra egingo da euskeraz ekoitzitako film laburren zirkuitua.

Laburbirak, euskeraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituak, bere 22garren edizioa beteko du aurten. Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz; eta herritarrei euskeraz sortutako film laburrak ezagutaraztea.

Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira, eta horietarik 8 film hautatu dira, herriz herri ikusi ahal izateko. Orotara, 97 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu da, ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, edukiz zein estiloz; horietako asko, jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak.

Hauexek dira, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film-laburrak: 'Prosopagnosia' (Ekain Martinez); 'Plazer bat' (Sonia Estévez); 'Betiko gaua' (Eneko Sagardoy); 'Europa' (Ekain Irigoien); 'Pentsatzen dut' (Karmele Mitxelena); 'Hor konpon' (Jone Arriola); 'Goodbay kepler' (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto); eta 'Utlandsk' (Alba Lozano). 
 

Emanaldiak antolatzeko, eskaerak

Laburbiraren aurtengo edizioak martxoaren 6an hasiko du bere ibilbidea, Donostiako San Telmo Museoan egingo den aurre-estreinaldiarekin.

Laburbiraren emanaldia edozein herritan antolatu daiteke, eta elkarte zein udalen izenematea zabalik dago irudienea.taupamugimendua.eus/egitasmoak/laburbira/ webgunean, otsailaren amaierara arte. Bertan aukeratu dezakete antolatzaileek martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. 

Horrez gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotzeko asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere edukiko dute interesa dutenek, proiekzioaren barruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!