12 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahal izango dute garraio publikoan, gaurtik aurrera. Hala iragarri du Azahara Domínguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) lehendakariorde eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta azaldu du MUGI sistemako operadoreek lan egin dutela azkeneko asteotan «adingabeen doakotasuna ahalik eta lasterren gauzatu zedin».
Doan bidaiatu ahal izango dute MUGI sisteman sartuta dauden garraio publikoko operadore guztietan. «Berri bikaina da, familia askorentzat aurrezpen oso garrantzitsua izateaz gain, oso txikitatik mugikortasun ohitura iraunkorrak ezartzeko aukera ematen baitu», nabarmendu du Azahara Dominguezek, eta gogorarazi du «egiturazko neurria» dela, «geratzeko iritsi dena».
Doakotasun horretaz baliatzeko, erabiltzaileek nahitaez izan beharko dute Mugi txartel pertsonalizatua. Mugi Gazte G Txartela ('gazte' txartela ere deitua) duten adingabeek ez dute inolako tramiterik egin behar.
Azpimarratu behar da hau ez dela txartel berri bat. 25 urtetik beherakoek gaur egun erabiltzen duten txartela da. Mugi txartel pertsonalizatua ez duten 12 urtetik beherakoek bakarrik eskatu beharko dute txartela, doan bidaiatzeko. Eskaera modu telematikoan edo aurrez aurre egin daiteke, baina izapideak errazteko, online egitea gomendatu dute: solicitudes.atgipuzkoa.eus:8453.
%50eko beherapenek jarraituko dute
Bestalde, %50eko beherapenei dagokienez, «lasaitasun» mezua zabaldu du Azahara Domínguez diputatuak berriro. «Garraio publikoan %50eko beherapenak izaten jarraituko dugu, abenduan egindako GGLAren batzarrean hitz eman genuen bezala. Bitartean, gainerako administrazioekin harremanetan jarraitzen dugu, datozen egunetan zein pauso emango diren ikusteko».
«Garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurri horien bitartez, gainerako erakundeekin, gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin zerbitzua herritarren benetako beharretara egokitzeko egiten ari garen entzute aktiboko politikekin batera, Gipuzkoan mugikortasun jasangarrirako eskubidea bermatzen ari gara, errenta-maila edo bizilekua edozein dela ere. Ondorioz, gero eta pertsona gutxiagok behar dute ibilgailu pribatua, joan-etorriak egiteko», azpimarratu du Azahara Domínguezek.