Txotx denboraldian bisitan datoztenei eskaera: 'Gure etxean zaude, zaindu!'

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 30a, 00:00

Xabier Lertxundi, Xabier Urdangarin, Itsaso Lekuona eta Ainara Vazquez, kanpainako kartelarekin.

Astigarragako eta Hernaniko udalek elkarrekin aurkeztu dute kanpaina, «gure herrietako bizilagunen egunerokotasuna errespetatzeko». Sagardoaren kultura balioan jarri nahi dute, baina urte osoan.

Hernaniko eta Astigarragako udalek txotx denboraldiko kan­paina aurkeztu zuten atzo elkarrekin, Hernaniko udaletxe­an. Gure etxean zaude, zaindu! izango da aurtengo leloa, eta bi herrietako alkateek, Xabier Lertxundik eta Xabier Urdanga­rinek, Ainara Vazquez eta Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziekin batera, nabarmendu zuten «bisitariei ongietorria» ematen dietela, baina «herria eta herritarrak zaindu eta errespetuzko jarrerak izatea» ere eskatzen dietela.

Sagardoaren kultura balioan jarri nahi izan zuten, eta horretarako «desestazionalizazioan» jarri zuten azpimarra: «Sagardoaren kultura balioan jarri nahi dugu, baina urte osoan, ez bakarrik txotx garaian; eta horrek, ezinbestean, desestazionalizazio bat eskatzen du. Horregatik, urteak dira sagardoaren munduari prestigioa ematen ari garela bi udalak. Egun indarrean dagoen larunbatetako eredu hau ez da jasangarria, eta aldaketak eskatzen ditu. Horretan ari gara, herri bakoitza bere modura eta bere foroetan, eta estrategia horretan lagun dezaketen eragile guztiekin elkarlanean».

Xabier Urdangarin Astigarra­gako alkateak nabarmendu zu­en, ildo horretan «sagardotegi as­kok urte osoan ateak zabaltze­aren aldeko apustua» egin dutela. «Gero eta gehiago dira udazkeneko edo udako kanpainak egiten dituztenak». Txotx garaiko kalteak gutxitu ditzake horrek.
 

Arduratsu izateko deia

«Jendearentzat erakargarriak dira sagardoa eta sagardotegia, eta hori, zeresanik ez, positiboa da gure ustez», adierazi zuten udal ordezkariek. Hala ere, bisitari kopuru haundia jasotzen dute bi herrietan txotx denboraldian zehar, eta horrek «hainbat ondorio dakartza, ez denak positiboak». 

Gure etxean zaude, zaindu! aurtengo kanpainaren leloare­kin jokoa eginez, felpudo bat erabiliko du kanpainak irudi gisa, etxe batera sartzen denak aurkitu ohi duen elementu bat delako.

Aurtengo mezuak arduratsu izateko deia egiten du, baina zaintza hitza erabiliz. «Eskaera bat da, etxera ongietorria ematen dizun norbaitek egina. Herritarren ahotsa da, lehen pertsonan. Zuzenean esaldiaren subjektu bihurtzen ditu herritarrak. Oso hitz gutxitan jartzen ditu mahai gainean elkarbizitza arazoa eta ardura pertsonalerako deia». Mezuarekin bat egin du Sagardogileen Elkarteak, eta lelo hau duten felpudoak sagardotegien atarian jartzeko prestasuna ere adierazi dute.

«Ez da jarrera matxistarik eta arrazistarik onartuko»

Zaintza da aurtengo mezuaren oinarria, errespetuz joka dezatela. Itsaso Lekuona eta Ainara Vazquez Berdintasun zinegotziek adierazi zuten ez dutela jarrera matxistarik eta arrazistarik onartuko, «ezta orokorrean herritarren elkarbizitzaren aurkakoak direnak ere; eta horien aurkako protokoloa martxan izango dugu. Sexu erasoen aurkako telefono arreta koordinatua izango dugu martxan bi herriok, eta Astigarragaren kasuan, sexu erasoen aurkako arreta presentziala ere eskainiko da Emakumeon Etxean. Edozein motatako erasoren bat jaso duenak, jakin dezala gure lehentasuna dela babestea eta laguntza osoa eskaintzea».

«Desoreka eta kudeaketa arazo haundiak sortzen ditu»

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, bestalde, azpimarratu zuen gaur egun txotx garaiak, «antolatuta dagoen moduan» (urte sasoi zehatz eta labur batean) «desoreka eta kudeaketa arazo haundiak» sortzen dizkiela Hernaniri eta Astigarragari.

«Bertako herritarrek sentsazioa dute otsail erditik apiril erdi edo bukaerara arte, larunbatero, euren herrietatik kanporatzen dituztela, tokirik gabe geratzen direla. Bisitarien etorrera haundi horrek, jakina, diru partida haundiak ere eskatzen dizkigu ohiko zerbitzuak mantentzeko, garbitasuna, garraioa eta abar... Horri aurre egin nahian ari gara lanean», azaldu zuen.

Esate baterako, bi alkateak beste erakundeekin eta sagardo­gileen sektorearekin bildu dira eta harremanetan daude, besteak beste, masifikazioak herri­etan sortzen dituen arazoei irtenbidea bilatu nahian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!