Urumeako Mendiak Bizirik herri-ekimen talde irekia aurkeztu zen astelehenean Hernaniko Gudarien Plazan. Arano, Hernani, Goizueta, Ereñotzu eta inguruetako dozenaka bizilagunek babestu zuten aurkezpen ekitaldia eta taldearen asmoa, «gure inguruko mendietan egin nahi dituzten makro-proiektu eolikoen auzia aztertu eta zentzugabekeria
hau geldiaraztea da». Herri-ekimen honetan, helburu horrekin bat egiten duen elkarte, herritar zein edozein ekintzailek parte har dezake. «Gure taldea sortzeaz gain Euskal Herri osoan abian diren hainbat proiekturen aurrean sortutako beste talde eragileekin bat egiten dugu, gure auzian behar dugun babesa eta laguntza eskuratuz, eta aldi berean beste lekuetako borrokekin bat eginez».
2024ko uztailean, FE Energy enpresako ordezkariak agertu ziren Aranon eta proiektuak ukitzen dituen beste herrietan. Repsol multinazionalarekin lotura estua duen aholkularitza-enpresa honetako ordezkariek adierazi zuten, Arano, Goizueta, Hernani, Berastegi, Elduaien, eta Ereñotzu inguruetako mendietan makroproiektu bat egiteko daukaten asmoa. «Herri hauek zuzenki kaltetuak izango dira, baina sarbide eta ihesbideekin beste hainbat herrietan ere izango luke inpaktua. Honen haritik jakin genuen, beste enpresa bat ere, antzeko proiektu bat garatzen ari dela eremu beretsuan».
Enpresa hauek, trantsizio energetikoaren izenean, gisa honetako makro-proiektuak ezartzen jarraitu nahi dute Euskal Herri osoan adierazi zuten urumeako Mendiak Bizirim plataformako kideek. «Herri inguruetan CO2a xurgatzeko hain beharrezkoak ditugun ingurune naturaletan, atzera-ezinezko txikizioak eragin eta lur-eremu publikoak erabiliz, multinazionalen kapital pribatua aberasten jarraitu nahi dute».
Europatik datozen funtsek bultzatutako proiektuak
Gainera, kontuan izan behar omen da Europatik datozen funtsek bultzatutako proiektuak direla. «Energia kontsumo hain altua dugun gizarte eredu honetan, benetan behar
duguna, lurraldea eta bertako aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen, eta behar energetikoei erantzungo dien aldaketa ekonomikoa eta soziala da. Hori ekiditeko, aurrez antropizatutako eremuak berrerabili daitezkeela uste dugu energia berriztagarriak sortzeko gailuak jartzeko».
Kasu honetan, Repsolek martxan jarri nahi duen makroproiektua, Arano, Ereñotzu, Hernani, Goizueta, Berastegi eta Elduaienen egongo litzateke kokatuta. Makroproiektu honek 100MWko zentral erraldoia proposatzen du, gutxienez 205 metro altuerako 14 aerosorgailutan banatuta. Endesak aldiz, Hernani eta Pagoaga (Ereñotzu) artean kokatu nahi du 33MWko proiektua. «Egitasmo hauek Urumeako bailarako mendien industrializazioa dakarte natura eta giza ingurumenean kalte larriak eraginez».
«Aranoren biziraupena arriskuan»
Arano aerosorgailu erraldoiez inguratuta geldituko litzateke, «herriaren biziraupena arriskuan jarriz», azpimarratzen dute plataformatik. Urumea bailarako mendialdea, Gipuzkoako Azpiegitura Berdea osatzeko lehentasunezko eremuetako bat eta Aiako Harria, Urumea eta Leitzarango naturguneak elkartzen dituen korridore ekologikoa da. Hau eteteak landare eta animalia espezie askoren biziraupena arriskuan jarriko luke».
Urumea arroa eta bere ertzak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatua daude. Eusko Jaurlaritzak berak izendatu zituen europar komisioaren bidez eta «bailaran egiten diren eraldaketek, zuzenean eragiten diote hauen osasunari».
Gero ere, «lur-mugimenduek balio-naturalistiko haundia eta kalitatezko urak dituzten hainbat iturburu eta erreka kaltetuko lituzkete. Lur desjabetzeak eta basa-lurren birkalifikatzea ekarriko lituzke. Herritarren bizi-kalitatean eta osasunean kalte nabarmenak eragingo lituzkete (kutsadura akustikoa, infrasoinuak, argi-efektuak, e.a.). Abeltzaintza, nekazaritza eta aisialdiko jardunekin bateraezina da. Aerosorgailuetara heltzeko bideak zabaltzeak eta egokitzeak, bolumen haundiko lur-mugimenduak dakartza, lurraren artifizializazioa eta pobretzea eraginez. Ondare historiko, arkeologiko eta kulturalean eragin nabaria izango du. Arano, Hernani eta Goizuetako mendietan Onddi-Mandoegi estazio megalitikoa kontserbatzen da, EAEn babestua dagoena eta proiektu hauekin zuzenean kaltetua izan daitekeena».
Lurrari loturiko jendea den heinean, lurraren gaineko erabakien eta energiaren gaineko kontrol herritarra bermatuko duen eredu baten alde dago Urumeako Mendiak Bizirik plataforma. «Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu, energia berriztagarrien inguruko proiektuak, herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea, eta herritarrek erabakitzeko aukera izatea haien diseinuan (dimentsioan, kokalekuan...) eta kudeaketan».
Hori denagatik, Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei makro-proiektu eoliko hauek «geldiarazteko eta gure mendiak defendatzeko antolatuko diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten diegu».