Hernaniko eta Astigarragako Plenoak gaur izango dira hileko azken asteartea denez. Hernanikoa 18:00etan hasiko da eta ordu bete beranduago, 19:00etan, Astigarragakoaren txanda izango da.
Hernanikoak zazpi puntu ditu gai zerrendan. Aurreko akta onartu eta dekretu baten berri eman eta gero, Hernaniko Udalaren hizkuntza irizpideak onartzeko puntua garatuko da. Laugarren puntuan eragin linguistikoari buruzko ebaluazioa arautzeko ordenantzaren hasierako onarpena izango da hizpide eta bosgarren puntuan (HI) FL. 08 eremuko plan bereziaren aldaketa puntualaren behin betiko onarpena bozkatuko da. Seigarren puntuan, PSE-EEK Hernaniko taxiaren araudia/ordenantza aldatzeko eskaera aurkeztuko du mozio bidez. Amaitzeko eskarien eta galderen txanda izango da.
Sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa
Astigarragan gai zerrenda luzeagoa izango da. Hamabi puntu garatuko dira. Aurreko akta onartuta, batzorde informatiboak berrantolatuko dira. Kontratazio mahai iraunkorraren izendapen berriak landuko dira, baita Tokiko gobernu batzordeko kideen izendapen berria. 2025eko langileen zerrenda eta plantila organikoaren berri eman eta gero, lanpostuen funtzioen fitxak, organigrama eta lanpostuen balorazio taula izango da hizpide.
EH Bilduk, Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozioa aurkeztuko du eta eskari eta galderen aurretik, Berdintasuneko I. Barne Planaren diagnostikoa eta sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa onartuko da.