Garaipen garrantzitsua Mundarroko mutilek, porrot gogorra neskek

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 00:00

Mutilek 52-55 menderatu zuten Erroibide kontrario zuzena, eta neskek 50-34 galdu zuten Eskoriatza azkenaren kontra.

 

Partidu inportanteak zeuzkaten Mundarroko bi talde nagusiek asteburuan, Gipuzkoako lehenengo mailan; eta oso bestelako emaitzak lortu dituzte. Mutilek 52-55 menderatu zuten Irungo Erroibide, kontrario zuzena. Partidu estua izan zen, tarteka astigartarrek 8-9 puntuko aldea lortu zuten arren. Baina azkeneko laurdenaren hasieran 43-46 izan ondoren, ihes egin zuten moreek (43-54), hiru minuturen faltan. Tartea txikitzea lortu zuten irundarrek, baina irabazteko aukerarik gabe.

Mundarroko neskek, aldiz, porrot gogorra jaso zuten Eskoriatzan, azkeneko sailkatuaren kontra (50-34). Ondo eutsi zieten aurreneko laurdenean (15-15), baina bigarrenaren erditik aurrera tartetxoa zabaldu zuten eskoriatzarrek, eta gero eta haundiagoa izan zen zuloa.

Hernaniko mutilek, garaipen ederra Eibarren

Asteburu gozoa izan dutenak, Hernaniko mutilak dira, Gipuzkoako bigarren mailan. Eibarren jokatu zuten, Artesanos Juantxo indartsuaren kontra; eta garaipen ederra lortu zuten (56-60), azkeneko laurdenean markagailua iraulita: 47-38 ari ziren galtzen zortzi minuturen faltan, baina erakustaldia eman zuten hortik aurrera, garaipena lortzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!