Putzu artean kostata, baina garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 00:00

2-0 menderatu zuten Bilboko Artizarrak taldea, Euskal Ligan, bi golak azkeneko minutuetan sartuta. 

 

Partidu gogorra izan zuen larunbatekoa Hernanik, Zubipen, nesken Euskal Ligan. Gogorra, euriak eta zelaian pilatutako putzuek nabarmen zaildu zutelako jokoa. Nagusi izan ziren berdeak, baina azkeneko minutuetara arte ez zuten lortu markagailuan aurrea hartzea, Bilboko Artizarrak taldearen kontra: 2-0 irabazi zuten azkenean, Garazi Lizarragaren eta Ane Roscoren golei esker.

Hegaletatik saiatu ziren berdeak behin eta berriro, eta baita min egitea lortu ere, baina ezin asmatu azkeneko metroetan, putzuak tarteko. Ordu laurden falta zela, Lorea Lasaren ordez zelairatu zen Garazi Lizarraga, eta sartu eta minutu bakarrera lortu zuen partiduko lehenengo gola. 87an ziurtatu zuen garaipena Ane Roscok, bigarren golarekin.

Garaipen horrekin, hiru segidan kateatu ditu Hernanik. Zazpigarren postuan dago oraindik, 34 punturekin; baina gertuago dauzka aurreko biak: puntu bakarrera Pauldarrak, eta hiru puntura Mariño.

Porrot gogorrak, Hernaniko eta Mundarroko mutilek

Ez da asteburu gozoa izan, ordea, Hernaniko eta Mundarroko mutilen talde nagusientzat. Berdeek 1-0 galdu zuten Ohorezko Erregionalekoa Beasainen. Partidu zaila zeukaten, ligako seigarrena denaren kontra; eta bukaera aldera jaso zuen gol bakarra, 69garren minutuan. Porrotarekin, beheko postuetatik ihes egin ezinik dabiltza hernaniarrak, 16garren postuan.

Beste horrenbeste Mundarroren kasuan, Erregional Preferentean. Moreek 4-0 galdu zuten Hondarribiaren zelaian, kontrario zuzen baten aurrean. Gauzak horrela, 12garren postuan jarraitzen dute, atzekoekin gero eta tarte txikiagoa dutela.

Lehenbailehen erreakzionatu beharra daukate bi taldeek, arazoak saihesteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!