Sailkapen fasea bukatuta, Urumea bailarako lau bikote sailkatu dira bolako Bikotekako Txapelketaren finaletara: Martxeli Kanflanka eta Rosa Santos emakumezkoetan; eta Ibon Miner-Aner Miner, Mikel Arroio-Benito Loitegi eta Joxe Mari Etxebeste-Ander Etxebeste bikoteak gizonezkoetan.
Datorren igandean jokatuko dituzte finalak, Seguran; eta denera 14 bikote ariko dira: gizonezkoetan 10 eta emakumezkoetan lau.
Ez zen tiraldirik onena izan Aiakoa, ligaxkako azkenekoa, bailarako bolarientzat. Aner Miner eta Ibon Miner aurrekoetan baino pixka bat apalago aritu ziren, eta lidertza galdu zuten Jesus Atorrasagastiren eta Xanti Zumetaren mesedetan, brila bakarreko aldearekin. Mikel Arroio-Benito Loitegi eta Joxe Mari Etxebeste-Ander Etxebeste bikoteek, berriz, larri eutsi zieten finalerako azkeneko bi postuei: brila bakarreko aldearekin lortu dute txartela Etxebestetarrek, eta bi brilako marjenarekin Arroiok eta Loitegik.
Finaletik kanpo geratu dira, ez urrutiegi, Patxi Loreak-Fermin Zuloaga eta Leandro Miner-Iñaki Miner bikoteak, 14garren eta 15garren.
Emakumezkoetan, berriz, bigarren postutik laugarrenera erori dira Rosa Santos eta Martxeli Kanflanka, baina larritasunik gabe sailkatu dira finalera, 13 brilako aldearekin.
Edonola ere, ligaxkako puntuazioak atzera utzi eta hutsetik abiatuko dira Segurako finaletan, datorren igandean. Egun horretan finen aritzen diren bikoteek jantziko dute txapela. Joan den urtean, Urumea bailarara ekarri zituzten lauak: Martxeli Kanflanka eta Rosa Santos nagusitu ziren emakumezkoetan, eta Mikel Arroio eta Joxe Mari Etxebeste gizonezkoetan.