Igande gozo-gozoa izan zen herenegungoa, Ekain Lizeaga astigartarrarentzat, Eibarko Astelena frontoian. Ordezko gisa jokatu zuen bigarren mailako Binakako Txapelketan, Gorka Ugartemendiaren tokia hartuta, Asier Agirrerekin batera. Eta zutik jarrita agurtu zituzten biak ikusleek, txalo zaparrada ederrarekin. Ez zen gutxiagorako: 7-15 eta 15-21 izan ziren atzetik, Egigurenen eta Bikuñaren kontra; baina ez zuten amore eman, eta markagailua iraultzea lortu zuten, 22-21 irabazteko.
Gainera, Agirre-Ugartemendia bikotearen aurreneko garaipena da txapelketa honetan. Aurreko 10 partiduak galdu egin zituzten iruindarrak eta alkizarrak, eta sailkapeneko azkeneko postuan daude.
Iker Salaberriak, garaipen garrantzitsua Hendaian
Garaipena lortu zuen Iker Salaberria goizuetarrak ere, Andoni Gaskuerekin batera, ostiralean Hendaian: 22-11 nagusitu ziren Bakaikoaren eta Eskirozen kontra, eta puntu garrantzitsua lortu zuten. Horrekin, bosgarren postura egin dute gora, baina majo borrokatu beharko dute ligaxkaren bukaerara arte, aurreneko seien artean izateko.
Izan ere, bost punturekin berdinduta daude laugarren postutik zazpigarrenera sailkatutako bikoteak: Zabala-Eskuza, Salaberria-Gaskue, Dario-Gabirondo eta Larrazabal-Salaverri II. Puntu bat gehiagorekin daude Egiguren eta Bikuña, sailkapeneko hirugarren postuan.
Hiru partidu bakarrik falta dira ligaxka bukatzeko.