Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, SMIra heltzeko osagarria litzatekeen sistema bat sortzea proposatu du. Herri Ekimen Legegilea deitu diote eta eskaera garrantzitsuenetako bati erantzuten dio: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan. Espainiako Estatuan, SMIa deritzon lanbide arteko gutxieneko diru sarreren indizea hileko 1.134 euroan ezarri zen 2024an. Horra heltzen ez diren 60 urtetik gora dituzten pentsiodunentzat sortu nahi da sistema hori, «pentsioak osatzeko euskal sistema».
Urrian onartu zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea pentsioen osagarria bermatzeko neurriak tramitera eramatea. Pentsiodunen mugimenduak ahalik eta sinadura gehien behar ditu, eta atzo bertan jarri ziren horretan Hernanin. Bi orduz izan ziren sinadurak biltzen eta gaur ere izango dira Plaza Berrin 11:00etatik aurrera. Astigarragan ere bilduko dituzte sinadurak gaur eta bihar, Joseba Barandiaran plazan, 12:00etatik 14:00etara. Asteburu gehiagotan jarraituko dute.
Herri ekinaldi gisa eramango da gaia Eusko Legebiltzarrera eta horretarako behar dira sinadurak. Gutxienez 10.000 firma bildu behar dira, aspaldi gainditu zuten langa hori, baina gehiago nahi dituzte, babes zabalagoa dutela erakusteko, eta 18 urtetik gorako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei dei egin diete dokumentua sinatzera. Apirilaren 24ra arte egongo da irekita horretarako epea.
EHPMak espero du Eusko Legebiltzarrak bere gain hartzea pertsona guztientzako bizi-baldintza duinak bermatuko duen erantzunkizuna, batez ere pentsioa baino ez dutenentzat.
«Azken urteetako pentsioen erreformek modu larrian murriztu dituzte pentsioen zenbatekoa. Gutxieneko pentsioek pentsiodunen pobrezia iraunaraziko dute, eta pobrezia horrek bereziki eragiten die aitortu gabeko lan erreproduktiboan eta zaintza-lanetan aritu izan diren emakumeei».
«Ezarrita dauden gutxieneko pentsioak ez dira nahikoak duin bizitzeko»
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren esanetan, Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko pentsioak ez dira nahikoak duinki bizitzeko. Are, hirutik batek SMIaren indizetik beherako pentsioa jasotzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta horien %70 emakumeak dira. Indize horretatik behera dauden emakumeen gehiengoak, gainera, hilean 850 euro baino ez dituela jasotzen adierazi dute: «Ezinezkoa da kantitate horrekin duin bizitzea».