Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak %1,8 egin du gora, aurreko urtekoarekin alderatuta. Guztira 6.070 milioi euro bildu dira 2024an, 2023an baino 109,6 milioi gehiago. Diru sarrera gordinak %4,91 hazi dira, eta itzulketak, %15,9. Zuzeneko zergen bilketa likidoak %2,3 egin du gora, zeharkako zergak berdin geratu dira igoera eta jaitsierarik gabe eta Estatuarekiko egokitzapenenak %5,9 igo dira.
Abendura arte metatutako bilketan eragin positiboa izan duten faktoreen artean honako hauek daude: lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundea, ondare-irabazien gaineko atxikipenak, kapital higikorraren etekinen gaineko atxikipenak sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala eta kudeaketa propioko BEZa. Bestalde, urrira arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da BEZaren lurraldeen arteko doikuntzen sarreren jaitsiera eta mutualisten inguruko epaien ebazpenen ondorioz PFEZren itzulketak haunditzea.
Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak %9,2 igo dira, hau da, 197,7 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren sarrerak 51,9 milioi gutxiago izan dira, eta itzulketak 224,5 milioi hazi dira.
Beraz, kuota diferentzial garbia 276,4 milioi euro jaitsi da abendura arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Horrekin guztiarekin, PFEZaren bilketa likidoa %0,9 jaitsi da, hau da, 22 milioi murriztu da.
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 23,1 milioi haunditu dira abendura arte. Bariazio horrek bi osagai ditu: batetik, sarrera gordinak 37 milioi euro igo dira eta itzulketak 13,9 milioi euro haunditu dira.