Bihar jokatuko dute Bikotekako Bola Txapelketako hirugarren tiraldia, Aiako bolatokian. Horixe izango da ligaxkako azken tiraldia, eta emaitzak gehituta ondoen kokatuta dauden bikoteek jokatuko dute otsailaren 1eko final haundia.
Gizonezkoen mailan hamar bikotek egingo dute aurrera, eta bailarako bolariak ondo kokatuta daude sailkapena lortzeko. Guztien artean gehien nabarmendu direnak Aner eta Ibon Miner aita-semeak dira, sailkapeneko lehenengo postuan daude Ereñotzun eta Mutiloan egindako lan bikainagatik. Estu daude kontuak sailkapenean, baina lidertzari eusten saiatuko dira biharko tiraldian.
Emakumezkoen ligaxkan lau bikote onenek egingo dute aurrera. Kasu honetan, bailarako Rosa Santos eta Martxeli Kanflanka bigarren postuan daude. Hortaz, dena ondo bidean, final haundirako sailkapena lortuko dute bihar.
Finala hurrengo larunbatean izango da, otsailaren 1ean, Segurako bolatokian.