Zubipera itzuliko dira gaur arratsaldean Euskal Ligako neskak

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 25a, 00:00

18:00etan hasiko da Euskal Ligako nesken partidua.

Hernaniko mutilek Beasainen jokatuko dute bihar, eta Hondarribian arituko da Mundarro. 

 

Hernaniko Euskal Ligako neskak izango dira etxean jokatuko duten bakarrak. Gaur arratsaldean itzuliko dira Zubipera, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Artizarrak taldearen kontra aritzeko. 

Pasa den asteburuan Laudion lortutako emaitza onari jarraipena eman nahi dio Hernanik. Etxetik kanpo bi garaipen jarraian kateatu ditu taldeak, eta zaleen laguntzarekin ekingo diote oraingoan. Artizarrak taldeak ere garaipena lortu zuen azken jardunaldian, baina aurretik partidu asko zeramatzan garaipenik eskuratu gabe, eta sailkapeneko azpialdean dago. 

Hernani zazpigarren sailkatua da une honetan, eta gaur irabazita goiko postuetara gehixeago gerturatuko litzateke. 

Garaipena lortzea beharrezkoa bihurtzen ari da Hernanirentzat

Urriko azken asteburutik Hernaniko mutilen taldeak ez du partidu bakar bat ere irabazi. Sailkapeneko beheko postuetara asko gerturatzen ari da taldea, eta dagoeneko beharrezkoa dute puntuak hirunaka batzea. Beasainen aurka jokatuko dute bihar eguerdian, 12:00etan hasita, Loinazen.

Beasaindarrak sailkapeneko zazpigarren postuan daude, baina azken bi jardunalditan ez dute garaipenik lortu. 

Aurkari zuzenaren etxean arituko da Mundarro

Mundarroko lehenengo taldeak gaur arratsaldean jokatuko du, 15:30etan hasita, Hondarribiaren aurka. Sailkapenean ia berdinduta daude bi taldeak, eta astigartarrek irabaziko balute, sailkapenean aurrea hartuko liokete gaurko aurkariari. 

Mundarroren bolada, ordea, ez da onena izaten ari. Azken jardunaldian porrota jaso zuen Getarian, eta sailkapeneko hamabigarren postuan kokatu da. Hortaz, garrantzitsua izango da gaurko partiduko emaitza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!