2000ko ekainaren 23an argitaratu zen Kronikaren lehenengo alea. Batzuei atzo izan zela irudituko zaie, baina 25 urte beteko dira aurten egun hartatik. Urteurren berezia dela eta, zenbait jarduera prestatu ditu bertako lan taldeak urtearen lehenengo seihilekorako. Egitaraua ontzeko garaian, proiektuarekin lotura izan duten harimuturrak lotzea izan da helburua, orain arte egindakoaren isla fidelena lortzeko.
Aurreneko jarduera otsailaren 13an izango da, ostegun arratsaldean. 18:30etan hasita, 25 urteetako ibilbideari buruzko solasaldia izango da Biteri Kultur Etxeko areto nagusian. Aritz Zerain, Eñaut Agirre eta Leire Goñi izango dira hizlariak, eta hiruen artean urte hauetako erradiografia zabala ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Kronikaren hiru etapa ezberdinetako kideak izan dira Zerain, Agirre eta Goñi. Solasaldiaren dinamizazioa egungo lan taldeko kazetari batek egingo du.
Mahai inguruaren ondoren, '25 urte kaleko berri ematen' erakusketaren ateak zabalduko dira, eta orain arte sortutako eduki berezienak ikusteko aukera izango da. Erakusketaren izena Kronikaren hasierako aipu batetik dator. Izan ere, proba modura argitaratutako 0. alean horixe eskatzen zion Maialen Lujanbio bertsolariak herrian sortu berri zen egunkariari: «Instituzionalkeriak utziz kaleko berri eman dezala».
Orduz geroztik, helburu horri eutsi nahian egin du bidea Kronikak, eta 8.812 ale argitaratuko ditu dagoeneko. Hein batean, bailarak izan duen bilakaera ikusi ahal izango da Biterin martxoaren 7ra arte ikusgai egongo den erakusketan.
Bertsolaritza eta Kronika, biak bat
Gauza jakina da Kronikaren eta bertsolaritzaren arteko harremana oso estua dela. Proiektuaren sortzaileen izenak irakurri besterik ez dira egin behar horretaz ohartzeko. Aritz Zerainek, Jexux Mari Irazuk eta Unai Agirrek martxan jarritako egunkariak gertutik jarraitu du bertsolaritza, eta bertsolari ugari izan dira, modu batera edo bestera, Kronikaren parte.
Hortaz, 25. urteurreneko ospakizunean bertsolaritzak ere behar zuen bere lekua. Apirilaren 4an bertso saio tematikoa izango da Erribera kulturguneko aretoan. Aritz Zerain arduratuko da gaiak jartzeaz, eta kantuan arituko dira Kronikarekin lotura izan duten bost bertsolari: Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Agin Laburu, Maialen Lujanbio eta Andoni Rekondo. Bertsoen bidez aletuko dituzte Kronikako eta bailarako pasadizoak.
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta sarreren salmentaren informazioa aurrerago zehaztuko du Kronikako lan taldeak.
Jarduera gehiago izango dira udaberrian
Orain iragarritakoa 25. urteurreneko egitarauaren lehenengo zatia da. Udaberrian ekintza gehiago izango dira, eta ekainaren 23an bertan 25 urte hauetan pilatutako materialarekin osatutako gehigarri berezia argitaratuko du Kronikak.
Lan taldetik herritar guztiei egiten diegu parte hartzeko deia, batez ere Kronikarekin nolabaiteko lotura izan duten horiei.