Hiru garaipen eta porrot bakarra bailarako palistek, txapelketak hasteko

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 21a, 00:00

Ganix Urdangarin astigartarra, aurreko partidu batean.

Udaberriko Txapelketari eta 7 barruko Gipuzkoakoari ekin diote hernaniarrek eta astigartarrek, emaitza onekin.

Aurreko astean hasi ziren bi txapelketa berri, mutil palistentzat: 7 barruko Gipuzkoako Txapelketa, eta Udaberriko binakakoa. Baina, estreinako jardunaldian, Urumea bailarako ordezkari guztiek izan zuten atsedena. Gauzak horrela, asteburu honetan ekin diote denek lehiari, emaitza politekin: hiru garaipen eta porrot bakarra.

7 barrukoan, Mundarrorekin ari dira bailarako bi palista, biak ere nagusien lehenengo mailan: Ganix Urdangarin astigartarra eta Endika Ramos hernaniarra. Garaipena lortu zuen Urdangarinek ostegunean, Loiolatarrako Salaberriaren kontra, tanto bakarreko aldearekin (25-24). Ramosek, aldiz, galdu egin zuen ostiralean, Zarauzko Loidiren kontra (20-25).

Udaberriko Txapelketan, berriz, Mundarroko eta Hernaniko bikote bana ari dira, nagusien bigarren mailan; eta biek lortu dute garaipena. Hernaniko Mikel Manterolak eta Ion Belokik 25-23 irabazi zuten larunbatean, Altzatarrako Etxaberen eta Ferreiroren kontra. Eta Mundarroko Xabi Goizuetak eta Asier Larramendik 25-22 menderatu zituzten Beotibar taldeko Iraolatarrak, ostiralean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!