Ansak nagusitasunez menderatu du Azpiroz

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 21a, 00:00

Urnietarrak pauso haundia eman du Masters Txapelketaren finalerako, uitziarrari 30-13 irabazita.

Espero baino desoreka haundiagoarekin hasi zen, larunbatean Galarretan, Masters Txapelketaren semifinaletako ligaxka. Imanol Ansa urnietarrak ez zion aukerarik eman Xabier Azpiroz uitziarrari, eta 30-13 menderatu zuen. Hori horrela, finalerako pauso haundia eman du Ansak, lau punturekin; eta kinka larrian geratu da Azpiroz, puntu negatiboa jasota.

Ansa bere maila onenean aritu zen hasieratik, eta Azpirozek, kontrara, ez zuen egunik onena izan. Aurreneko tantoen parekotasunaren ondoren (2-3), sei tanto lortu zituen segidan Ansak, eta lehenengo tartea zabaldu zuen markagailuan (8-3). Pixka bat gerturatu zen uitziarra (9-6), baina hortik aurrera zuloa haunditu zuen urnietarrak etengabe (14-7, 19-9 eta 23-11).

Jokoaren alderdi guztietan aritu zen hobeto Ansa: sakean, errestoan, peloteoan eta baita defentsan ere, Azpirozen espezialitatea den horretan.

Datorren larunbatean, Endika Barrenetxea hernaniarrak jokatuko du Ansaren kontra, semifinaletako ligaxkaren bigarren partidua. Horren ondoren, partidu bakarra faltako da bi finalistak erabakitzeko, Barrenetxearen eta Azpirozen artekoa.
 

Paulo Aiestaranek ezin, bigarren partiduan

Masters Txapelketakoaz gain, beste bi partidu jokatu ziren larunbatean Galarretan. Aurrenekoan, Paulo Aiestaran hernaniarrak bere bigarren partidua jokatu zuen profesionaletan, Ibai Martirenarekin; baina oraingoan galdu egin zuen, Aritz Zubiri goizuetarraren eta Ander Goikoetxearen kontra. Jaialdiko hirugarren partiduan, Endika Barrenetxeak eta Aimar Jabalerak mendean hartu zituzten Beñat Segurola eta Iban Larrañaga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!