Bikotekakoaren lidertza hartu dute Ibon eta Aner Minerrek Mutiloan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 21a, 00:00

Ibon eta Aner Miner aita-seme ereñotzuarrak.

Gizonezkoen sailkapeneko buru dira ereñotzuarrak, eta emakumezkoetan bigarren daude Rosa Santos eta Martxeli Kanflanka.

Maila ederrean aritu ziren Urumea bailarako bolariak, Bikotekako Txapelketaren bigarren tiraldian ere, Mutiloan. Gizonezkoetan, lidertza eskuratu dute Ibon eta Aner Miner aita-seme ereñotzuarrek, 170 brilarekin. Bien artean 80 brila bota zituzten Mutiloan, eta aurrea hartu diete Saigots eta Ramon Iglesias (167) orain arteko liderrei. Xabier eta Iosu Lazkano (168) daude bigarren, une honetan.

Sailkapen horretan zazpigarren daude Joxe Mari eta Ander Etxebeste, 154 brilarekin; eta zortzigarren Mikel Arroio eta Benito Loitegi, 152rekin. Pixka bat atzerago, 139 brila dauzkate Leandro eta Iñaki Minerrek, 15garren; eta 134 brila Patxi Loreakek eta Fermin Zuloagak, 17garren.

Rosa Santos eta Martxeli Kanflanka, bigarren

Emakumezkoen txapelketan ere, oso erregular ari dira bailarako bolariak. Bigarren postura egin dute gora Rosa Santos astigartarrak eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak, 118 brilarekin. Estu daude kontuak haientzat ere: Garbiñe Alustiza eta Aitziber Makazaga liderrak 129 brilarekin daude aurretik; eta atzetik, Olatz Larrañaga eta Nekane Etxeberria 116 brilarekin, eta Bea Unzue eta Arantxa Albeniz 114rekin.

Datorren igandean jokatuko dute Bikotekakoaren hirugarren tiraldia, Aian. Horrekin bukatuko dute ligaxka, eta sailkapen nagusiko bikote onenek jokatuko dute finala, otsailaren 1ean Seguran: gizonezkoetan 10 bikote sailkatuko dira, eta emakumezkoetan lau.

Bestalde, urteko toka txapelketaren bigarren tiraldia ere jokatuko dute Aian, igandean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!