Unax Manterolak eta Endika Arizmendik txapela, Oier Gurutzealdek eta Xabier Barandiaranek ezin

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 21a, 00:00

Endika Arizmendi eta Unax Manterola, kopa eta txapelekin.

Hernaniarrak nagusitu ziren trinketeko bigarren mailako finalean (40-14), Oteizaren kontra. Astigartarrei gutxigatik egin zien ihes garaipenak, lehenengo mailan, Epleren aurrean (34-40).

Larunbat arratsaldean jokatu zituzten, Iruran, Gipuzkoako Trinketeko Binakakoaren finalak, mutil nagusietan. Txapelen lehian aritu ziren Urumea bailarako bi bikote, baina bakarrak lortu zuen garaipena ekartzea: Unax Manterola eta Endika Arizmendi hernaniarrek irabazi zuten bigarren mailako finala, Oteizako Aitor Azkoitiaren eta Iñaki Azkoitiaren kontra. Nagusitasunez gailendu ziren Manterola eta Arizmendi, kontrarioei aukerarik eman gabe (40-14).

Lehenengo mailako finalean, ordea, ihes egin zien garaipenak Oier Gurutzealde eta Xabier Barandiaran astigartarrei. Epleko Julen Chiapuso eta Ibon Taberna ziren faborito, eta haiek nagusitu ziren, ligaxkako partiduan baino dezente gehiago kosta arren (34-40). Aurreko aldi hartan 18-40 galdu zuten astigartarrek. Kontuak kontu, bigarren postuarekin konformatu beharko dute.

 

Espainiako Kluben Arteko Txapelketan, aurreneko 
puntua Umore Onak

Ezker hormako lehiari dagokionez, estreinakoz jokatu zuen Umore Onak Goizuetan, Espainiako Kluben Arteko Txapelketan, ohorezko mailan. Astebete lehenago bi partiduak galdu zituzten Errioxan, Barberitoren kontra; baina oraingoan lortu dute aurreneko puntua goizuetarrek: binakako partidua irabazi zuten Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak, Huarteko Yoldiren eta Irazustabarrenaren kontra (2-1). 10-9 irabazi zuten aurreneko jokoa, 2-10 galdu zuten bigarrena, eta 5-1 nagusitu ziren desenpatean.

Banakako partiduan, aldiz, galdu egin zuen Eñaut Lizeagak, Huarteko Ekhi Irribarriaren kontra, bi jokotan: 6-10 eta 4-10.

Joan den urtean igoera lortu ondoren, aurten ari da ohorezko mailan Umore Ona, estreinakoz. 10 talde ari dira lehian, eta bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte guztira: denak denen kontra, behin. Ligaxka bukatuta, bi talde onenek jokatuko dute finala, martxoaren 23an.
 

Porrot gogorra, Salaberriak eta Gaskuek

Profesionaletan, are gehiago zaildu zaie Promozioko Binakako Txapelketa, Iker Salaberria goizuetarrari eta Andoni Gaskueri. Partidu garrantzitsua zeukaten larunbatean, Mungian, Zabalaren eta Aldaberen (Eskuzaren ordezko) kontra; eta 16-22 galdu zuten goizuetarrak eta ultzamarrak. Hori horrela, aurrea hartu diete Zabalak eta Eskuzak sailkapenean, lau punturekin berdinduta; eta zazpigarren postura jaitsi dira Salaberria eta Gaskue. Bere maila onena berreskuratu beharko dute ligaxkako azkeneko lau partiduetan, aurreneko seien artean sailkatu eta play-offa jokatzeko.

Ekhi Osesek eta Lier Zugastik garaipena, Euskal Ligan

Maila afizionatura bueltatuta, Euskal Ligako partiduak jokatu zituzten Hernaniko bi bikotek, ostiralean. Nagusien ohorezko mailan, porrota jaso zuten Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak Soraluzen, Etxanizen eta Balerdiren kontra (22-17). Kadeteetan, aldiz, estreinako garaipena lortu zuten Ekhi Osesek eta Lier Zugastik, Oiartzunen, Oyarzabalen eta Iradiren kontra (6-22).

Aurreneko bi partiduak jokatuta, garaipen eta porrot banarekin daude Hernaniko bi bikoteak. Zazpi jardunaldi jokatu beharko dituzte ligaxkan, guztira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!