Asteburu honetan bi txapela garrantzitsu lortu ditzazkete bailarako bi bikotek. Trinketeko Gipuzkoako Txapelketako eskuz binakako finalak jokatuko dira gaur Iruran eta bi aukera izango dira. Txapelik preziatuenean, Nagusien lehenengo mailan, Mundarroko Xabier Barandiaran eta Oier Gurutzealde Eple 2ko Julen Chiapuso eta Ibon Tabernaren aurka lehiatuko dira. Nagusietan, baina bigarren mailan, Hernaniko Endika Arizmendi eta Unax Manterolak, Azkoitiko Oteiza taldeko Aitor Azkoitia eta Iñaki Azkoitia anaiak izango dituzte aurrez aurre.
Lehenengo mailan Errenteriako bikotea da faboriitoa. Astigartarrek aurreko urtean aurkari berdinen aurka galdu zuten finala eta lehenengo fasean ere ongi irabazi zuten Chiapusok eta Tabernak. Hala ere, Barandiaran eta Gurutzealde oso lehiakorrak dira eta finaletan mailarik onena ematen dute.
Partidu estua bigarren mailan espero da. Arizmendi eta Manterola zuzenean sartu ziren finalera, baina kostata lortu zuten garaipena Azkoitiko Azkoitia anaien aurka. 40-39 izan zen orduko emaitza. Hiru final jokatuko dira eta jaialdia 18:00etan hasiko da. Nagusien bi finalak arratsaldeko azkenak izango dira.