Sagarrica Elkartea, Nafarroako sagardo sagarra bultzatzeko lanean 2022tik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 18a, 00:00

Sagarrica Elkarteko kideak, sagastietara egindako bisita batean. Argazkia: Sagarrica Elkartea

Nafarroako txoko desberdinetako sagardo sagar ekoizleek sortu zuten Sagarrica Elkartea, sektorea antolatzeko eta ordezkatzeko, elkar ezagutzeko, elkarri laguntzeko eta denen artean elkarlana sustatzeko. Elkarteko presidente den Lander Sagaseta sagar ekoizleak azaldu ditu elkartearen xehetasunak.

Fruitel Elkartea bidelagun, Sagarrica Nafarroako sagardo sagar ekoizleen elkartea sortu zuten 2022 urtearen amaieran, helburu hauekin: Nafarroako sagar ekoizleek elkar ezagutzea, bertako sagar barietate zaharrak berreskuratzea, Euskal Sagardoa sor-markan sartzeko urratsak ematea eta sagarren ekoizpenaren sektorearen errentagarritasuna lortzea.

Doneztebeko, Baldorbako, San Adriango eta Oskozko lau sagar ekoizle zeuden taldean hasiera hartan, baina pixkanaka jende gehiago joan zen taldera batzen, eta gaur egun hamabost ekoizle daude Sagarrica Elkartean sartuta. Ekoizle txikiak izan arren, denen artean 80 bat sagar hektarea dauzkate.

Nafarroa ere sagarrondo herrialdea da, eta Iparraldeaz gain, historikoki Ebroko Erriberan eta Arga ibaiaren ertzean sagastiak egon dira: «Sagar barietateei dagokienez, aberastasun genetiko haundia dago Nafarroan. Bertan badauzkagu 200 sagar barietate, sagardotarako zein mahairako», azaldu du Lander Sagaseta sagar ekoizleak, Sagarrica Elkarteko presidenteak.

Sagarraren zaintzak garrantzia haundia du, eta bertako sagar barietate zaharrak berreskuratzea da elkartearen helburuetako bat: «Sagar barietate berdinak tokiaren arabera ezberdin funtzionatzen du, eta hori gertatzen da 'Narbarteko Gorria' sagar barietatearekin. Jatorria Narbarten duenez, ondo aklimatatzen da Baztan-Bidasoa aldean zein Erriberan, baina beste lekuetan su-gorrinak kaltetzen du».

Gaur egun, Lander Sagasetak bere lurretan ekoizten dituen sagarrak Gipuzkoako sagardotegiek hartzen dituzte, sagardoa egiteko. Sagarrica Elkartean sagardo sagar ekoizleak bakarrik daude sartuta, eta nahiz eta sagarrak Gipuzkoako sagardotegietara ekarri, Nafarroako sagardo ekoizleek ere erabiltzen dituzte, beren sagardoa ekoiztu ahal izateko: «Dolarea Nafarroako Sagardogile Elkarteko sagardogile batzuk sagar ekoizleak ere badira, eta Sagarrica Elkarteko kide dira».

Sagarrica Elkartearen sorrera, Nafarroan sagarrondoen inguruan dagoen tradizioa eta kultura biziberritzeko bultzada izan da, eta sektorea hobetzeko helburuz ari dira lanean: «Etorkizunera begira, gure erronka nagusienetakoa da sagarraren ekoizpena erregulatzea, horrek bermatuko digulako segurtasuna egiten dugun lanean, eta sagardotarako sagarren ekoizpenaren sektoreari aukera emango diolako errentagarritasuna lortzeko».

Nafarroako sagardo sagar ekoizpena Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenean onartua izateko lanean ari da elkartea, uste duelako sor-markaren barruan egoteak kalitate gorenean lana egiteko aukera emango diela Sagarrica Elkarteko sagar ekoizleei: «Nafarroan baditugu Jatorri Izendapenaren barruan sar daitezkeen 50 sagar barietate. Beraz, ekarpen hori egingo genioke jatorri izendapenari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!