Masters Txapelketako ligaxka bihar hasiko da Galarretan eta Ansa II.ak eta Azpirozek neurtuko dituzte indarrak lehenengo jardunaldian. Jaialdia 16:30etan hasiko da eta Mastersekoa jaialdiko bigarrena izango da. Azpiroz Jabalerari erraz irabaztetik dator eta Ansaren debuta izango da txapelketan. Ligaxka hiru erremontarik jokatzen dute eta Barrenetxeak astebete gehiago itxaron beharko du debutatzeko.
Ligaxkan hiru partidu jokatuko dira eta beraz denak dira oso garrantzitsuak. Irabazten hasten denak finala oso gertu izango du. Pasa den urteko finala partidu hauxe izan zen eta ordukoan Ansak 19an utzi zuen Azpiroz. Ligaxkan ere 30-23 irabazi zuen urnietarrak. Hala ere, Azpiroz gero eta hobe ari da jokatzen eta edozein gainditzeko gai da.
Puntuaketa sistema erabiliko da eta garaipenak lau puntu banatuko ditu. 29-27 tanto artean bi puntu banatuko dira, 26-24 artean puntu bakarra, 23-17 tanto artean ez da punturik banatuko eta 16 edo gutxiago eginda puntu negatiboa gehituko da.
Barrenetxeak ere jokatuko du binaka
Jaialdiko lehendabiziko partiduan Paulo Aiestaranek bigarren partidua jokatuko du profesional mailan. Oraingoan Martirena izango du bikotekide eta aurkariak Goikoetxea V.a eta Zubiri goizuetarra izango dituzte.
Jaialdiko azken partidua ikusgarria espero da. Segurola eta Barrenetxeak, Ezkurra II.a eta Larrañaga izango dituzte aurkari.