Ereñotzuko bolatokian ekin zioten, igandean, Bikotekako Bola Txapelketari; eta ondo baliatu zuten 'etxean' aritzearen ezagutza Ibon eta Aner Miner aita-semeek. 90 brila bota zituzten bien artean (Anerrek 46 eta Ibonek 44), eta onenen parean izan ziren, Saigots eta Ramon Iglesias irabazleekin berdinduta. Denera 28 bikote aritu ziren gizonezkoetan, eta bailarako beste hiru bikote sailkatu ziren onenen artean: Mikel Arroio eta Benito Loitegi bosgarren (85 brila), Joxe Mari eta Ander Etxebeste seigarren (81), eta Patxi Loreak eta Fermin Zuloaga zazpigarren (80). Leandro eta Iñaki Miner 16garren izan ziren (64).
Emakumezkoetan, berriz, sei bikote aritu ziren Ereñotzun, eta onenetatik gertu izan ziren Martxeli Kanflanka ereñotzuarra eta Rosa Santos astigartarra: hirugarren izan ziren, 56 brilarekin, bigarren bikotearekin berdinduta, Olatz Larrañagarekin eta Nekane Etxeberriarekin. 65 brila bota zituzten irabazleek, Garbiñe Alustizak eta Aitziber Makazagak.
Datorren igandean izango dute txapelketaren bigarren tiraldia, Mutiloan; eta hilaren 26an hirugarrena, Aian. Hiru tiraldiak jokatuta, bikote onenak ariko dira finalean, otsailaren 1ean Seguran.
Tokan 8garren, Leandro Miner
Bola tiraldiarekin batera, tokakoa ere izan zen Ereñotzun, denboraldiko estreinakoa. Juan Mari Iñurritegi izan zen onena, 15 tantorekin; eta zortzigarren sailkatu zen Leandro Miner ereñotzuarra, zortzirekin. Sei bider jo zuen burnia Ibon Minerrek, 11garren; eta lau aldiz Martxeli Kanflankak, 21garren. Emakumezkoen artean bigarren izan zen Kanflanka, Nekane Etxeberriaren (5) atzetik.