Neguko oporren ondoren konpetizioa itzuli da eta derbiarekin itzuli zen mutiletan, Bigarren mailan. Hernanik eta Mundarrok Hernaniko kiroldegian jokatu zuten hamargarren jardunaldiko partidua eta etxekoak nagusi izan ziren jokoan eta markagailuan. 70-36 irabazi zioten astigartarren bigarren taldeari. Sailkapenean Hernanik sendo jarraitzen du zazpi garaipenekin eta bi porrotekin eta berdintasun haundia dago multzoan. Lehendabiziko bost taldeak berdinduta daude zazpina garaipenekin. Mundarrok ixten du sailkapena garaipen bakarrarekin.
Denboraldian zehar izan den aldea izan zen partiduan. Lehenengo eta hirugarren laurdenak parekatuagoak izan ziren, baina bigarrengoan eta azken laurdenean alde haundia izan zen bi taldeen artean.
Mundarroko talde nagusiek ere galdu egin zuten
Ez da jardunaldi ona izan Mundarrorentzat. Bi talde nagusiek ere galdu egin zuten. Neskek 36-49 galdu zuten Añorgaren aurka eta min egiten duen porrot horietako bat izan zen. Añorgarrak garaipen bakarra lortu zuten denboraldian eta bigarrena astigartarren aurka iritsi zen. Paper gainean Mundarro faborito zen, baina ezin izan zuten denboraldiko seigarren garaipena lortu.
Lehen mailako mutilek ere galdu egin zuten, 63-51, baina sentsazioak ezberdinak izan ziren. Donosti Dolphins liderraren aurka erori ziren eta ez ziren irabazteko faborito. Esperotako porrota izan zen. Bigarren laurdenean egin zuten ihes donostiarrek markagailuan 18-6ko partziala eta gero. Beste hiru laurdenak oso parekatuak izan ziren. Astigartarrak laugarren daude sailkatuak bost garaipen eta sei porrotekin, hamaika jardunalditan.