Ez da asteburu emankorrena izan bailarako futbol talde nagusientzat. Hernaniko Euskal Ligako emakumezkoen taldeak bakarrik eskuratu du garaipena. Gainontzean, 0-0 berdindu zuen Mundarrok, eta 0-2 galdu Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilek.
Anaitasuna 0-2 Hernani
Hiru puntu baliotsu eskuratu zituzten Txerloian Euskal Ligako neskek. Hasieratik izan zen Hernani Anaitasuna baino gehiago, eta lehenengo zatian bertan erabakita utzi zuten partidua; 34. minutuan egin zuen lehenengo gola Ane Roscok, eta 44. minutuan sartu zuen Roscok berak bigarren gola.
Sailkapenaren erdialdean egonkortuta dago Hernani, zortzigarren postuan (28 puntu). Datorren astean Laudion jokatuko dute, Altzarrate azken sailkatuaren aurka. Hortaz, aukera ona izango da puntuak pilatzeko.
Hernani 0-2 Tolosa
Burua altxa ezinik jarraitzen du Ohorezko Erregional mailako taldeak. Urrian irabazi zuen Hernanik azken partidua, eta emaitza txarrak jasotzen hasi du urte berria ere. Tolosaren aurka galduta, sailkapeneko hamabosgarren postuan dago Hernani. Asteburuan Anaitasunaren aurka jokatuko du, oraingo honetan etxetik kanpo.
Mundarro 0-0 Usurbil
Aurkari zuzen baten aurka berdinketa lortu zuen Mundarrok Zarkumendegin. Norgehiagoka lehiatua eta berdindua izan zen, baina inork ez zuen golik sartzea lortu. Asteburuko puntua hobetzeko aukera paregabea izango dute jardunaldi honetan, Getariaren aurkako partiduan.