Euskal Herriko sagardogileek 2025eko sagardotegi denboraldia aurkeztu zuten ostegunean, Donostiako Konstituzio Plazan. Bertan bildu ziren Gipuzkoako, Bizkaiako, Arabako zein Nafarroako eta Iparraldeko sagardogileak, herrialde guztietako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko egiten ari diren lana irudikatzeko asmoz. Denboraldi berriari bide emanda, asteazkenean egingo da Txotx irekiera Astigarragako Alorrenea sagardotegian, eta aurten Gure Zirkuko kideek izango dute lehenengo txotxa egiteko ardura.
Herrialde bakoitza ordezkatzen zuen kupel bana zabaldu zituzten aurkezpenean, jendeak dastatu ahal izateko. Erronka badago, eta zera da: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bideak irekitzea, eta behin hori lortuta, Nafarroa sartzeko konpromisoa ere badutela adierazi dute.
Txotx denboraldia dator, urteko saio honetan egutegian markatuta egoten den garaia. «Garai berezia da» azpimarratu zuten aurkezpenean, «lagun artean sagardo berriak dastatu eta konpartitzeko aukera ematen duena». Kupeltegian sagardo berriaren berezitasunen inguruan hitz egiteko tartea izaten da, uzta berria nolakoa datorren ezagutzekoa eta gozatzekoa.
Kupeltegiak bisitari gehien izaten dituen denboraldia ere bada. Leku hotz eta zabalak izan ohi direnak, bisitariz betetzen dira. «Sagardoaren topagune ditugu» eta etorkizuna bide horretatik lantzeko aukera ikusten dutela argi azaldu dute. «Sagardotegira gerturatzen den bezeroak bertako ekoizle baten etxera egingo du bisita, bertako lurretik bizi den familia baten etxera», gogoratu nahi izan dute aurkezpenean.
Apustua egina dago eta arduraz jokatzeko konpromisoa hartu du sagardo sektoreak
Sagardotegiaz gozatzeko hainbat bide eta modu sortzen dabiltza sagardogileak: apustua egina dago eta berrikuntzak eskaintzeko konpromisoa ere bai.
Sagardotegietan otorduaz aparte hainbat ekintza egiteko aukera dago. Iazko denboraldian esaterako, hainbat sagardotegietan bisita motza edo dastatze gidatua egiteko aukera eskaini zuten, «Euskal Sagardoaz beste modu batera gozatzeko aukera ezin hobea da, lagunartean, taldean...».
Eskaintza lantzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten ostegunean: «Egun dugun eskaintza lantzen eta indartzen egingo ditugu hurrengo 18 hilabeteak ere 'Malus bat' proiektuaren barruan, sagardotegiaren eskaintza kulturala eta turistikoa landu eta gure bisitariei aukera berriak eskaini ahal izateko lurralde osoan zehar».
'Sagardoa.eus' bilatzailea da berrikuntza nagusia
Sagardotegien bilatzailea da berrikuntzetako bat: sagardoa.eus. Sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du webgune honek: sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da. Alternatiba izan daiteke deirik edo mezurik ez bidaltzeko, modu erosoago batean. Sistema honek joan den urteotan «arrakasta haundia» izan duela azaldu dute, eta aurten ere sagardotegi gehiago automatikoki erreserbatzeko aukera izango dute bezeroek.
Bestalde, Euskal Sagardoaren online denda ere martxan dute. Online dendaren bereizgarri nagusia sagardo desberdinak eskaera bakarrean konbinatzeko aukera da: 130 sagardo mota daude dendan eskuragarri, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak.
«Uzta txikiagoa eta izaera haundikoa»
2024ko uzta aurrekoa baina txikiagoa izan da kopuruz, alde haundiarekin gainera, aurreko urtearekin alderatuta %60 sagar gutxiago izan da Euskal Herriko sagastietan. Halere, «2023ko urtean uzta haundia izanda 2024an txikiagoa espero zitekeen; eta aurreko neguko hotz eskasiak are eta txikiagoa eragin dute». Kopuru murritzagoa bada ere, «izaera haundiagoko» sagarra etorri dela diote adituek, era beraz, «izaera haundiagoko Euskal Sagardoak izango dira aurten sagardotegirik gehienetan, gorputz eta kolore aldetik».
Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua, 1.300.000 litro ingurukoa izan da 2024ko uztan, eta Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 46 dira guztira: arabarrak 1, bizkaitarrak 3 eta gipuzkoarrak 42. Aitzitik, Euskal Sagardorako sagarra egiten duten sagargileak 250 dira eta guztira 500 hektarea erabiltzen dituzte lanerako. 2024an 2 milioi kilo inguru sagar bildu zituzten Euskal sagardorako.
Gure zirkua 2025eko gonbidatu berezia
Txotx irekierako gonbidatu berezia Gure Zirkoko kideak izango dira aurten, eta beraiek izango dute uzta berriak eman duen sagardoa dastatzeko aukera. 'Gure sagardo berria!' esanda egingo dute topa, Astigarragako Alorrenea sagardotegian.
Txotx irekieran egongo dira sagardoaren munduko eragile guztiak, eta horiekin batera, Astigarragako kultur eragileek hartuko dute parte, ohiko sagar dantzarekin. Bertsotan ere arituko dira Agin Laburu astigartarra eta Joanes Illarregi.
EGITARAUA
ASTIGARRAGA
URTARRILAK 15
11:30-12:00 Akreditazioen banaketa Erribera Kulturgunean.
12:00 Prentsaurrekoa Erribera Kulturgunea.
12:45 Gure Zirkuak sagarrondo bat landatuko du Erribera Kulturguneko plazan.
13:30 Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko da Alorrenea sagardotegian, eta ondoren, sagardogileek zein kultur taldeetako ordezkariek Gure Zirkua soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dute sagardo berria dastatzeko.
13:45 Alorrenea sagardotegian 'Gure sagardo berria' oihu eginda sagardo berria dastatuko du Gure Zirkuak eta horrekin, 2025eko Txot denboraldiari hasiera emango zaio. Ondoren, sagardotegiko ohiko menua dastatzeko bazkaria izango da.