Derbiak beti dira bereziak, eta ikusmina piztuko du gaurko partiduak ere, ziur, Hernaniko kiroldegian: aurrez aurre ariko dira Hernani eta Mundarro, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua, eta etxekoak dira faborito, nabarmen. Izan ere, oso denboraldi ezberdina izan dute bi taldeek orain arte: bederatzi partidutik sei irabazi ditu Hernanik, eta bakarra Mundarrok. Igoeraren lehian bete-betean sartuta dago bata, eta azkeneko postutik ihes egin nahian bestea.
Lehenengo mailako taldeei dagokienean, Mundarroko neskek atzo iluntzean jokatu zuten urteko estreinako partidua, etxean, Añorgaren kontra. Eta mutilek bihar daukate hitzordua Donostian, Benta Berriko kiroldegian. Donosti Dolphins liderraren kontra ariko dira, 18:00etan. Erronka zaila daukate astigartarrek, baina garaipena nahi dute, igoera fasera sailkatzeko beste pauso bat emateko: multzoko bosgarren dira, aurreko bi taldeekin berdinduta; eta lau talde onenak sailkatuko dira igoera fasera. Biharkoarekin, lau partidu falta zaizkie.