Ereñotzun jarri dute hitzordua, bihar bertan, bola eta toka denboraldi berriari hasiera emateko. Izan ere, bi modalitateetako tiraldia izango da Ereñotzuko bolatokian, 2025eko estreinakoa.
Bolan, Bikotekako Txapelketari ekingo diote. Hiru tiraldi izango ditu ligaxkak, eta Mutiloan eta Aian egingo dituzte beste biak, urtarrilaren 19an eta 26an. Finala, berriz, otsailaren 1ean jokatuko dute, Seguran. Urumea bailarako bikote ugari ariko dira partehartzaileen artean; besteak beste, honakoak: Martxeli Kanflanka eta Rosa Santos, Ibon Miner eta Aner Miner, Leandro Miner eta Iñaki Miner, Patxi Loreak eta Fermin Zuloaga, Joxe Mari Etxebeste eta Ander Etxebeste, eta Mikel Arroio eta Benito Loitegi.
Tokari dagokionez, apirilera bitarteko ligaxka egingo dute aurten ere, Gipuzkoako Txapelketara sailkatzeko eta tokalari onenaren sarirako puntuagarria. Zortzi tiraldi izango dira guztira, eta biharkoa da aurrenekoa.
Bolan zein tokan, goizez eta arratsaldez izango da aukera Ereñotzun, izena emateko eta tiraldia egiteko. Goizean 09:00etatik 11:00etara izango da izenematea, eta arratsaldean 16:30etatik 17:30etara.
Urte osoko egutegia, zehaztuta
Bikotekakoaren ondoren, bolako beste bi torneo jokatuko dituzte, launa tiraldirekin: Lehendakari Txapelketa aurrena, otsailaren 9tik martxoaren 16ra; eta Gipuzkoako Kopa ondoren, martxoaren 23tik apirilaren 13ra.
Gazteen eta beteranoen saioa egingo dute maiatzaren 11n Zerainen, Gipuzkoako Txapelketa 17an Zarautzen, eta hurrengo bi asteburuetan izango dira Euskadiko Txapelketak: tokakoa maiatzaren 25ean Urretxun, eta bolakoa hilaren 31n Arrobitxulon.