Gabonetako etenaren ondoren, berriro hartuko du martxa (ia) etengabea futbolak, maiatzera bitarte. Aste Santuan egingo dute hurrengo etenaldia; hurrengoa eta bakarra.
Anaitasunaren kontra hasiko du urte berria Hernanik, nesken Euskal Ligan. Azkoitin jokatuko dute berdeek, gaur arratsaldeko 16:30etan, Txerloian. Aurreneko itzulia bukatuko dute partidu horrekin. Une honetan bederatzigarren dago Hernani sailkapenean, 25 punturekin, eta aspaldi utzi zituen atzean beheko postuen kezkak. Aurreko hiru taldeak dauzka gertu, 28 punturekin baita Pauldarrak seigarren. Horixe izango du erronka, datorren astean hasiko den bigarren itzulirako: ahalik eta koxka gorenean sailkatzea. Horren aurretik, ez da kontrario erosoa izango Anaitasuna, Euskal Ligako 12garrena, 19 punturekin. Zortzi partidutik bi bakarrik irabazi dituzte azkoitiarrek etxean, baina bi kontrariok lortu dute garaipena Txerloian. Gainerako lau partiduak, berdinketarekin bukatu dira.
Mutilei dagokienean, Zubipen jokatuko du Ohorezko Erregionaleko partidua Hernanik, gaur arratsaldean: Tolosaren bisita jasoko dute berdeek, arratsaldeko 16:30etan. Pare-parean daude bi taldeak sailkapenean, 15na punturekin, beheko postuetatik ihes egin nahian. Egoera delikatuan dago Hernani, azkenaurrena hiru puntu atzetik duela; eta bere maila onena berreskuratu beharko du denboraldiaren bigarren zatian, arazoak saihesteko.
Antzekoa da Mundarroren egoera, mutilen Erregional Preferentean. Sailkapenaren beheko aldean daude moreak, baina urruti xamar dauzkate azkeneko biak, 10 eta 11 puntura. Edonola ere, fin aritu beharko dute aurrerantzean, sustorik ez hartzeko. Eta horretarako onena, bihar Usurbil menderatzea, arratsaldeko 16:00etan Zarkumendegin. Kontrario zuzena da talde usurbildarra, sailkapenean puntu bakar bat gehiagorekin dagoena.