Iaz gutxienez 5.212 emakumek jasan zuten eraso matxistaren bat

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 10a, 00:00

Igaro da 2024. urtea eta 2025aren hasierarekin batera, kontagailua 0an jartzen da. Asmo eta helburu berriak jartzen dizkiogu geure buruari, eta ahaztu ere egiten dira hein batean, atzean utzitako urtean gertatutakoak.

Urte berria hasi dugu bai, baina berritik gutxi du bizi dugun errealitate gordinak. 2024ean Euskal Herrian, 6 erailketa matxista egon ziren, eta urtea hasi eta hiru egunetara, Euskal Herrian lehengo erailketa matxista izan da. Barakaldon, 84 urteko andre bat erail zuen bere semeak, zeinak indarkeria matxistagatiko aurrekariak zituen.

Jakin badakigu indarkeria matxistaren alderdi gordinena dela hau, eta egunerokoan beste hainbat egoera eta eraso pairatu behar ditugula emakume langileok: iaz gutxienez 5.212 emakumek jasan zuten eraso matxistaren bat EAEn, 2023an baino %8 gehiagok. Urte amaieran ere jakin zen, nazioarteko Telegram sare batean, emakumeei nola eraso egin komentatzen dutela 70.000 gizonek.

Guzti honek argi erakusten du, indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen duela; eraso horiek gure egunerokoaren parte bihurtu dira, eta zenbaki hutsetara mugatzeak, gero eta normalizatuago egotea ekarri du.

Guk argi daukagu: ezin dugu egoera hau normalizatu. Batu indarkeria matxistaren aurkako antolakuntzara!

 

Nahia Zurutuza Huizi

Hernaniko Itaia

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!