Pisos.com higiezinen atariaren urteko txostenaren arabera, Hernani izan da etxebizitza gehien garestitu den herria espainiar Estatu osoan, azken seihilekoan. Hernanin etxebizitzaren prezioa 3.809 eurokoa izatera iritsi da metro koadroko abenduan. Igoera %9,19koa izan da 2024ko azken hiru hilabeteetan, %18,94koa bigarren seihilekoan lehenengoarekin alderatuta, eta %14,52koa 2023ko garai berarekin alderatuta. Gipuzkoan Hondarribiaren aurretik geratu da igoerari dagokionez. %13ko igoera izan du Hondarribiak eta metro koadroak bertan 4.334 euroko balioa du. Elgoibarren igoera ere nabarmentzekoa da, %10,82 eta 2.259 euro/m².
Bigarren eskuko etxebizitzetan metro karratu garestiena duen Estatuko hiriburua da berriz ere Donostia. Prezioa 6.752 eurokoa da m²-an, 2023ko abenduan baino %6,26 gehiago, eta horrek eragin zuzena izan du azken urteetan udalerri mugakideetan zehar. Horren adibide izan da Hernani. Azken seihilekoan, hiriburuak kontuan hartu gabe, igoera haundiena izan duen herria da eta hirugarrena azken hiruhilekoan.
Donostia inguruko igoerak
Gipuzkoako hiriburuaren inguruko gainerako udalerrien datuak ondorengoak dira: metro karratuko 2.999 eurotan daude pisuak Andoainen (%0,75ko igoera 2024an), 3.425 eurotan Errenterian (%3,22ko igoera), 3.477 eurotan Lasarten (%2,21ko igoera) eta 2.900 eurotan Pasaian (%5,3ko igoera).
Horiek guztiek, Irungo 3.023 euroak, Tolosako 2.773 euroak eta Zarauzko 4.989 euroak batuta (Espainiako hamabigarren herririk garestiena, hiriburuak kontuan hartu gabe), Gipuzkoa Estatuko hirugarren lurralde bihurtu da metro karratuko preziorik altuenarekin, 3.743 euroko batez bestekoarekin, Estatuko batez bestekoa baino ia 1.300 euro gehiago (2.479 euro).
Etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko lanean, Udala
Igoera horri aurre egiteko Hernaniko Udala lanean ari da eta helburuetako bat da Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatzea. Horretarako urratsak ematen ari da: etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa burutu eta hiru urterako ekintza plana onartzeko. Gune tentsionatu izendapena lortzeko egin beharreko ezinbesteko tramiteak dira.