Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gobernantza Departamentuaren eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzaren bidez, kanpaina informatibo bat jarri du abian, etxebizitza-eraikinetan segurtasuna indartzeko. Bi solairu edo gehiagoko etxebizitza-eraikin guztiek itsasgarri formatuan gida bat jasoko dute. Bertan, sute baten aurrean etxean edo espazio komunetan nola jokatu azaltzen da modu praktiko eta argian. Negua izaten da etxebizitzetan sute gehien izaten den garaia.
«Larrialdi egoeretan, nola jokatu jakiteak bizitza eta heriotzaren arteko aldea markatu dezake», adierazi zuen kanpainaren aurkezpenean Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak. Material hori bizilagunen erkidegoetako lehendakariei bidaliko zaie, eraikinetako atarietan jartzeko. «Gipuzkoar guztiek arriskuak prebenitzeko eta sute baten aurrean eraginkortasunez erantzuteko tresna praktikoak eskura izatea nahi dugu. Prebentzioa eta prestaketa guztion ardura dira», azpimarratu du.
'Sute baten kasuan, ezagutzak bizitzak salbatzen ditu' izeneko fitxak gomendio erraz eta zuzenak eskaintzen ditu suteak prebenitzeko eta larrialdi egoerei lasaitasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko. Besteak beste, sukaldeko erauzgailuaren iragazkiak garbitzea, entxufeak ez gainkargatzea eta sute baten kasuan kez betetako eskaileretatik ez igotzea gomendatzen da, larrialdi-zerbitzuak iritsi arte toki seguru batean itxarotea hobe baita.
Josu Mañarikua, Gipuzkoako suhiltzaileen ofizialak azaldu zuenez, «urtero zartagi batekin edo karga elektriko gehiegirekin izandako deskuidu txikiek ondorio tragikoak izan ditzakete. Horrelako kanpainek arriskuak murrizten laguntzen dute eta, aldi berean, lasaitasuna mantentzen eta une kritikoetan erabaki zuzenak hartzen erakusten dute», azpimarratu du.
Gidaren banaketarekin bat, sare sozialetan segurtasun-gomendioen zabalkundea ere egingo da. «Espazio komunetan informazio hau ikusgai eta eskuragarri izateak aldea egin dezake larrialdi egoeretan», gehitu du Berasaluzek.
«Gipuzkoan bizi diren pertsona guztien segurtasunarekin eta ongizatearekin konprometituta gaude», adierazi du Berasaluzek, Etxeak eta bizitzak babestearen garrantziaz hausnartzeko unea izaten da negua.