Kabalgatekin batera ekarri zituzten opariak Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 6a, 00:00

Baltasar, Meltxor eta Gaspar Erregeek goxokiak bota zituzten gurdi gainetik.

Hernaniko eta Goizuetako kaleak alaitasunez eta ilusioz bete zituzten hiru Errege Magoek, haurren eta gurasoen gozamenerako.

 

Zeruko izarrari jarraituz trakatan trakatan Meltxor, Gaspar eta Baltasar iritsi ziren atzo Urumea bailarara, Belenetik pasa eta gero. Opariz josita Hernaniko eta Goizuetako kaleetan barrena alaitasuna eta ilusioa zabaldu zituzten. Errege hauek magoak dira, eta bazekiten haur bakoitzak zein opari nahi zuen, gutun guztiak eta eskari guztiak irakurri ondoren jakiten baitituzte. 

Meltxorren zaldi beltzaren, Gasparren zaldi gorriaren, eta Baltasar zaharraren zaldi zuri-zuriaren arrastorik ez zen ikusi. Dirudienez Ereñotzu aldeko baserriren bateko ukuiluan utzi omen zituzten. Bata bestearen ondoan egoteko, traktoreak tiratako gurdi dotore batean iritsi ziren Hernanira eta egin zuten kale buelta Kaxkoan zehar. Goizuetan berriz, kamioia prestatu zuten hiru Errege Magoentzako. 

Ondoren, Hernaniko Gudarien Plazan eta Goizuetako frontoian jaso zituzten haur askoren gutunak, opariez inguratuta. Horiek denak eta gehiago gauean zehar banatu zituzten. Hori bai nekea gainditzeko eta Ekialde Hurbilera eta Urrunera buelta egiteko indarberritu ziren etxeetan aurkitu zituzten jatekoekin eta edatekoarekin. Datorren urtera arte, berriz gurean izango baitira, 2026an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!