Beñat Apezetxeak beste txapela bat jantzi du Miguel Soroa txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 6a, 00:00

Markel Salaberria, Beñat Apezetxea eta Julen Salaberria goizuetar finalistak.

Irazustabarrenarekin batera 22-15 gainditu dituzte Eñaut Lizeaga astigartarra eta Aingeru Bernaola.

 

Beñat Apezetxea goizuetarrak eta Aratz Irazustabarrena alegiarrak Miguel Soroa txapelketa entzutetsuko txapela lortu zuten, larunbatean, Tolosako Beotibarren. Elite mailako finalean nagusitu ziren, 15-22, Eñaut Lizeaga astigartarra eta Aingeru Bernaola mañariarraren aurka. 

Miguel Soroa pelotari haundia izan zen eta bere omenez jokatzen da gaur egun, afizionatu mailan, dagoen txapelketa pribatu garrantzitsuenetakoa. Beotibarren 600 ikusle inguru bildu ziren jubenil mailako, promesa mailako eta elite mailako finalak ikusteko.

Azken honetan zegoen bailarako pelotarien presentzia eta Umore Onako pelotari goizuetarrak eraman zuen txapela etxera, Mundarroko pelotari astigartarraren aurrean. Bata zein bestea protagonista izan ziren finalean. 

Beñat Apezetxeak eta Aratz Irazustabarrenak lortu zuten elite mailako hamaikagarren edizio honetako garaipena eta berriz ere erakutsi zuten zein zaila den bikote honi irabaztea. Lizeagak ikuskizun haundia eskaini zuen pelotari abiadura ikaragarria emanez, baina akats gehiago ere egin zituen. 

 

Beñat Apezetxeak lortu du beste txapela garrantzitsu bat 

Partidua berdindua izan zen eta fisikoki osoago amaitu zuten urdinek. Hasieran atzetik joan ziren, baina 0-7ko partzial bati esker, 13-10 galtzen joatetik, 13-17 irabazten joatera pasa ziren. Azkenean 15-22 finala ixtea lortu zuten. Aingeru Irazustabarrenak erakutsi zuen sendotasuna atzean azpimarratzekoa da. Bernaola ongi hasi zen, baina amaieran gainditu egin zuten. 

Goizuetako aurrelariak bere palmaresa gehitzen jarraitzen du afizionatu mailan. Azken hilabetean, Soroa, Bankoa Diario Vasco eta Huarte txapelketa irabazi ditu, afizionatu mailako garrantzitsuenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!