Erregeen kabalgata Hernanira gaur itzuliko da, pasa den urtean bertan behera geratu eta gero euriaren ondorioz. Gaurko ez da espero euri konturik, baina bai haize boladak. Hala ere, horrek ez ditu geratuko Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak. Ekialde Hurbil eta Urrunetik bidaia luzea egin ondoren opariz josita datoz, eta arratsaldeko 18:00etan izango dira Hernanin, umeak bisitatzen kabalgata dotorean eta 18:30etan, Goizuetan.
Urbieta kaletik abiatuko da Erregeen kabalgata, Marielutsetik, Karobi elkartearen ondotik, herrian barrena ibiltzeko, Musika Bandaren eta txistularien laguntzaz. Noski, pajeak ere alboan edukiko dituzte eta goxokiak banatuko dituzte ibilbide guztian zehar.
Urbieta kalea igaro eta gero Izpizua kaletik igoko dira. Segidan, ezkerretara egingo dute, Elkanotik Plazara sartzeko. Andrekaletik Zinkoeneara jaitsi, eta Kale Nagusitik bueltatuko dira Plazara.
Udaletxeko arkupeetan, haurren gutunak jasoko dituzte, eta oparitxo bana ere emango diete hurbildutakoei. Oinetakoak ondo garbituta edukitzea komeni da gaur gauerako Meltxor, Gaspar eta Baltasar etortzen direnerako eta jatekoa ere utzi mesedez.
Goizuetan, kale nagusietan zehar
Arratsaldeko 18:30etan iritsiko dira Goizuetara, suhiltzaileetatik, eta kale nagusietan zehar elkartuko dira herritarrekin. Herrira iritsi direla abisatuko dute suziri batekin. Suhiltzaileen etxe paretik hasi eta kalejira eginen dute. Guraso Elkarteak antolatu du topaketa eta Erregeen etorrera ekitaldian opariren bat banatzea nahi duenak Guraso Elkartearen lokalera eraman dezake haurren izena jarrita, 16:30etatik 17:00etara.
Egun berezia izaten da Errege bezpera txikienentzat eta oso polita gainontzeko guztientzat ere. Ekitaldi nagusia eskolatako frontoian izanen da.