Erretiratzeko adinaren atzerapenak ez du etenik

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 4a, 00:00

66 urte eta 8 hilabetera luzatu da erretiratzeko adina Hego Euskal Herrian. 

 

2025ean pentsioa osorik jasotzeko denbora gehiagoz egin beharko da lan. Erretiratzeko adinaren atzerapenak ez du etenik, eta jarri berri da martxan, urte berriarekin batera, erreformaren aldaketa: erretiroa hartzeko adina 66 urte eta 8 hilabetekoa izango da 2025ean, Hego Euskal Herrian. 

Beste bi hilabetez atzeratuko da pentsioa osorik jasotzeko bete beharreko adina eta oraingoz, 2012ko erreformarekin, 2027an 67 urtera luzatuko da adinaren muga. Beste erreformarik ezean, hor geratuko litzake erretiroa hartzeko adina.

Lan ibilbide luzeagoa egin dutenek, hots, kotizazio luzeagoa egin dutenek, 65 urterekin erretiratzeko aukera izango dute. Hau egin ahal izateko, ordea, 38 urte eta hiru hilabete kotizatu dituztela frogatu beharko dute langileek. 2027an berriz, 38 urte eta 6 hileko kotizazioa beharko dute izan.

Pentsio sistemaren erreformaren arabera, pentsioaren %100 jaso nahi ez duenak eta erretiroa lehenago hartu nahi duenak aukera izango du, zenbait baldintzekin. Pentsioa murriztu egingo zaie, %2,85 eta %21 artean. Erretiroa aldez aurretik hartzeko, gutxienez, 35 urteko kotizazioa edukitzea ezinbestekoa da.

Bestalde, pentsioen murrizketa txikiagoa izaten da lan bizitzako azken urteetan kalera bota dituzten langileen kasuan, adinean gora egiteak lan berri bat bilatzeko zailtasunak ekartzen dituela ulertzen baita.

Pentsioak %2,8 haundiko dira 2025ean

Hego Euskal Herrian pentsio gehienak %2,8an haundituko dira 2025ean, hau da, bataz besteko pentsioa 1.537 izan bazen azaroan, 43 euro igoko da, 1.792 eurora iritsiko litzake.

Maila ezberdinak daude pentsioen artean, erretiratuek dute, bataz beste, pentsiorik haundiena, 2025ean 1.792ra iritsiko dena igoera aplikatuta. Erretiratuen artean, sistema orokorrean daudenen pentsioa haundiagoa da autonomoenarekin alderatuta, alde haundiarekin gainera. Sistema orokorrean daudenen bataz besteko pentsioa 2.000 euroren inguran kokatzen da, autonomoena, berriz, 1.150 euroan. 

Alargunen kasuan kezkagarriagoa da, izan ere, alde nabarmena dago sistema orokorreko langilea izanda edo autonomo izanda. Sistema orokorrekoek 1.100 euro jasotzen dituzte eta autonomoek, berriz, 720.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!