Autobus zerbitzuak indartuko dira Astigarragan, hazkundeari erantzuteko

Kronika - Erredakzioa 2025ko urt. 2a, 00:00

Aldundiak eta Astigarragako eta Hernaniko udalek izan zuten azaroan bilera.

Urtarrilaren 7tik aurrera BU12 eta BU13 lineak 07:20, 08:20 eta 09:00etan indartu egingo dira Astigarragatik, inor autobusetara sartu ezinik gera ez dadin. 

Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua indartuko du Astigarragan, erabiltzaile hazkundeari erantzuna emateko. Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, urtarrilaren 7tik aurrera BU12 eta BU13 lineak indartu egingo dira Astigarragatik, 07:20, 08:20 eta 09:00etan, jende gehiagori arreta emateko, autobusera sartu ezinik inor geratzen ez dela bermatzeko eta, horrela, herrian eskaintzen den garraio publikoko zerbitzua hobetzeko.

Halaber, Aldundia eta Hernaniko eta Astigarragako udalek autobus artikulatuak zerbitzua ematen hasteko lanean ari dira, honek herritar gehiagori arreta ematea ahalbidetuko duelako. Izan ere, hiru aldeek bilera bat egin zuten duela gutxi gai horri heltzeko.

Xabier Urdangarin, Astigarragako alkatearen esanetan: «Hilabete askoren ondoren Astigarragatik irtengo diren errefortzuak jartzea berri ona da. Espero dut neurri horrekin ez dela inor geltokian geratuko autobusera igo ezinik. Hernaniko Udalari eta Aldundiari egindako ahalegina eskartzen diet. Hala ere, lanean jarraitu behar dugu Aldundiarekin, ospitaleetara eta uibertsitateetara zerbitzu zuzena jarri arte».

«Erakunde desberdinen arteko elkarlanari esker herritarren behar bati erantzuna emango zaio. Hernaniko Udaletik hasieratik adierazi dugu zerbitzua hobetu ahal izateko gure esku dagoena egiteko asmoa eta lanketa horretan jarraitzen dugu», nabarmendu du Xabier Lertxundi, Hernaniko alkateak.

«Lurraldebuseko zerbitzuak indartzea erabaki dugu Astigarragan erabiltzaile gehien dauden orduetan, premiazkoa baita gure lineek herrian izan duten erabiltzaile kopuruaren hazkundeari erantzutea. Hala ere, Hernani eta Astigarragako udalekin lanean jarraituko dugu autobus artikulatuak sartu ahal izateko, are jende gehiagori zerbitzua emateko», adierazi du Azahara Dominguez diputatuak.

Foru diputatuak azaldu duenez, Hernaniko Udalak hirigintza-obra bat egin behar du, autobus haundiagoek Lurraldebuseko lineek gaur egun egiten duten ibilbidean bira egin ahal izan dezaten. Nahiz eta Hernaniko udalak bere prestutasuna agertu duen lan horiek burutzeko, hauek zeinbait hilabete behar dituzte bukatuta egoteko. Hori dela eta, premiazko neurri hau hartu da Astigarragako bizilagunei irtenbide bat eman ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!