Mendi bueltak, musa eta koplak, urtea amaitzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 31a, 00:00

Goizean irtengo dira Astigarragan Urte Zaharreko koplak abestera eta arratsaldean, Hernanin. Mus txapelketak 16:00etan hasiko dira.

Urte Zahar Egunean badira ohitura zaharreko ekitaldiak. Mendi irteerak eta Urte Zaharreko erronda edota koplak abesteko ohitura aspalditik datoz. Honela, Goizuetan Mandoegiko gailurrera igoz borobilduko dute urtea Arainburu Mendi Taldeko kideek. Goizeko zortzietan aterako dira Goizuetako plazatik. Bi ordu beranduago Portuko auzotarrak igoko dira Santa Barbarara.

Koplak abestera, Astigarragan 11:00etan irtengo dira Bustieta baserritik eta Hernanin, Ohitura Zaharrak taldea, 17:00etan hasiko da abesten Kaxkoan zehar.

Azken urteetan ohiko bihurtu diren mus txapelketak ere antolatuko dira Hernanin eta Goizuetan. Kontrakantxan eta Umore Ona elkartean 16:00etan hasiko dira partidak eta aurretik eman behar da izena.

Bietan 10 ordu ordaindu behar da izenematea, bikoteko. Kontrakantxan izenematea 15:30etan hasiko da eta Umore Onan 15:45etan itxiko da. Hernanin, garaileak diruaren %60ko saria eramango du eta finalistak, %30a.

URTE ZAHAR EGUNA

HERNANI

GAUR

10:30 Portu auzokoen irteera Santa Barbarara. Plazatik abiatuko dira.

16:00 Kontrakantxako Mus Txapelketa. 10 euro bikoteko.

17:30 Urte Zaharreko erronda, Kaxkoan barrena Ohitura Zaharrak taldearekin.

ASTIGARRAGA

GAUR

11:00 Urte Zaharreko koplak Kantuz taldearekin batera. Bostirieta 'Bustieta' baserritik hasita.

01:30 Gazte topa Zipotza elkartean, Astigarragako Gazte Asanbladak antolatuta.

GOIZUETA

GAUR

08:00 Arainburu mendi taldeak antolatuta, mendi irteera Mandoegi IV. Hitzordua.

16:00 Mus txapelketa, Umore Ona elkartean. 10 euro bikoteko.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!