Ezkurra II eta Azpiroz gailendu ziren larunbatean, goraino betetako Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 30a, 00:00

Azken partiduetara sasoi ederrean iritsi dira Ezkurra eta Azpiroz, eta larunbatean ginga jarri zioten txapelketari.

Final berdindua izan zen, baina urdinek sendoago jokatu zuten une erabakigarrietan. Bigarren mailako txapelketan nagusitasunez irabazi zuten Aldabek eta Aiestaran VI.ak.

Larunbat arratsaldean jokatu zituzten Binakako Erremonte Txapelketako finalak. Ikusmin haundia sortu du txapelketak, eta goraino bete ziren Galarretako harmailak. Maila nagusian Ezkurrak eta Azpirozek jantzi zuten txapela, Segurolari eta Barrenetxeari 0-2 (12-15 eta 13-15) irabazita. Bigarren mailan, berriz, emaitza berarekin irabazi zuten Aldabek eta Aiestaranek, Jabaleraren eta Apezetxearen aurka bi setetan gailenduta (15-11 eta 15-3). 

Bailarako hiru erremontariek ahozapore ezberdinarekin bukatu zuten jaialdia. Aitor Aiestaran hernaniarra izan zen txapela eskuratu zuen bakarra, eta arantzatxoarekin geratzea egokitu zitzaien Endika Barrenetxea hernaniarrari eta Oier Apezetxea goizuetarrari. 

Barrenetxea IV: «Pena daukat ez genuelako irabazi, baina pozik egoteko moduko gauzak ere egin genituen»

«Pena da ez irabazi izana, baina gustura nago egindako lanarekin. Uste dut tarteka nire maila ematea lortu nuela. Egia da normalean asmatzen dudan alorretan ez nuela bereziki asmatu, sakearekin adibidez; baina apalago ibiltzen naizen zenbait gauzetan ohi baino hobeto ibili nintzen. Hein batean frontoia beteta ikusteak eragin zigula uste dut, ez gaude ohituta 1.500 pertsonen aurrean jokatzera. Ezkurrak eta Azpirozek partidu borobila egin zuten, euren maila eman zuten eta merezita lortu dute txapela. Hemendik aurrera lanean jarraituko dugu horrelako egun bereziak gehiagotan bizi ahal izateko».

Aiestaran VI: «Oso pozik nago txapelketa borobiltzea lortu genuelako»

«Larunbatekoaren balorazioa oso positiboa da. Orain arte egindako lana borobildu genuen, set bakar bat ere galdu gabe. Partidu polita egin genuela esango nuke. Hala ere, pena daukat bigarren setean Jabalerak eta Apezetxeak ez zutelako euren mailarik onena eman, hor hautsi zen partidua. Jokoari dagokionez, sakean asmatu nuela uste dute, eta Aldabe ere oso ondo aritu zen. Eskerrak ematen dizkiet etxekoei eta Galarretara bertaratu zirenei, eta besarkada bat bidaltzen diet bertan egon ezin izan zuten horiei».

Apezetxea: «Finalean atera zitzaigun urteko partidurik txarrena»

«Pena haundiarekin nago. Urte polita izan da niretzat, eta uste dut puntu onean iritsi naizela final honetara ere. Ez ginen faboritoak eta sartzea lortu genuen, txapelketa txukuna eginda gainera. Larunbatean oso egun txarra eduki genuen; merezimendu osoz irabazi ziguten, baina guk oso gaizki jokatu genuen. Pena daukat jende asko joan zelako Galarretara, eta denen aurrean irudi hori uzteak izorratzen nau. Urteko partidurik txarrena atera zitzaigun finalean». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!