Bigarren txapela nahi du Barrenetxeak Binakakoan, 12 urteren ondoren

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 28a, 00:00

Endika Barrenetxea, pelota jotzen, 2012ko Binakako Txapelketaren finalean.

Hernaniarrak gaur jokatuko du finala, Segurolarekin batera. Ezkurra eta Azpiroz izango dituzte aurkari, 18:00etan Galarretan.

Egun haundia izango da gaurkoa Galarretan: Binakako Txapelketaren bi finalak jokatuko dituzte, arratsaldeko 18:00etan hasita; eta primerako giroa ziurtatuta dago, harmailak goraino beteko baitira, ia sarrera guztiak agortuta.

Urumea bailarako hiru erremontista ariko dira lehian, txapela jantzi nahian. Maila nagusiko finalean, bere bigarren txapela lortu nahi du Endika Barrenetxea hernaniarrak Binakakoan, hamarkada luzea joan baita aurreneko hura lortu zuenetik: 2012an izan zen txapeldun, duela 12 urte, Javi Urrizarekin batera.

Gaurkoan, Beñat Segurola izango du lagun, eta Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz kontrario. Partidu parekatua espero da, txapelketan oso maila onean aritu diren bi bikoteren artean. Duela bi aste, elkarren kontra jokatu zuten ligaxkako azkena, eta nagusitasun haundiz irabazi zuten Barrenetxeak eta Segurolak. Baina gaurkoak antza gehiago izan behar luke azaroan jokatu zutenarekin: puntako ikuskizuna eskaini zuten orduan, eta 1-2 nagusitu ziren Ezkurra eta Azpiroz. Lauak iritsiko dira oso sasoi puntu onean, eta lehia gogorra espero da. Sakeak garrantzi haundia izango du beste behin, eta aurrean zeinek gehiago asmatu izan daiteke gakoa.

Izan ere, bere ibilbideko unerik onenean daude bi aurrelariak, txispa haundiarekin; eta gai dira partidua edozein momentutan hausteko. Atzeko koadroetan, berriz, alde haundiena markatzen duen erremontista da Barrenetxea, baina oso atzelari segurua da Azpiroz, beti oso maila onean aritzen dena.

Horri gehitu behar zaio, gipuzkoarren eta nafarren arteko lehia izango dela gaurko finalean. Hortaz, osagai guztiak izango ditu partiduak, ikuskizun ederraz gozatzeko.

Aitor Aiestaran eta Oier Apezetxea aurrez aurre... iazko finalean bezalaxe

Maila nagusiko finalaren aurretik, bigarren mailakoa jokatuko da, 18:00etan hasita; eta bailarako bi erremontista izango dira aurrez aurre: Aitor Aiestaran hernaniarra, Kemen Aldaberekin ba­tera; eta Oier Apezetxea goizuetarra, Aimar Jabalera lagun.

Ez da kontu berria, bailarako bi pelotarientzat. Izan ere, joan den urtean ere, elkarren kontra aritu ziren bigarren mailako finalean. Aiestaranek irabazi zu­en orduan, eta hernaniarra eta Aldabe dira faborito gaurkoan, txapelketa bikaina osatu ondoren. Dena den, ezustekoa emateko gai dira Jabalera eta Apezetxea, be­hetik gora egin baitute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!