Urtarrilaren erdialdean hasiko da txotx denboraldi berria, eta nobedade garrantzitsua izango du aurtengoak, neurri berezia hartuko baitute ondorengo aisialdian sortzen diren arazoak ekiditeko asmoz, bereziki Hernaniko Kaxkoan: zazpigarren tragotik aurrera, alkoholik gabeko sagardoa emango diete bezeroei, Urumea bailarako sagardotegi guztietan. Izan ere, Sagar eta Sagardoaren Mahaiak adostu zuen neurria Hernanin, baina horrekin bat egin dute Astigarragan ere, jakinarazi dutenez.
Espero dute bezeroek jarrera onarekin hartuko dutela berrikuntza, «guztion onerako» izango delako; eta arduraz jokatzea eskatu diete, «denok gozatu ahal izan dezagun txotx denboraldiaz». Proba modura ezarriko dute aurten, eta behin sagardotegi garaia pasata, neurriaren balorazioa egingo dute, eta aurrera begira eman beharreko pausoak zehaztu.
Edonola ere, ez da erraza izan neurria adostea, lan gehigarria ekarri baitie sagardotegiei: sagardoaren alkohola ezabatzeko metodoa aplikatu behar izan dute, fermentazioa etenda azukrea alkohol bilakatu aurretik. Sagardotegi bakoitzak bi edo hiru kupel bete ditu alkoholik gabeko sagardoz.
Kontaketa, garai bateko erara
Neurria modu errazago batean aplikatzeko, mahaika edo taldeka egingo dute kontaketa: talde bakoitzari esleituko diote ohiko sagardoaren kupel bana, eta kupelean bertan markatuko ditu tragoak txotxeroak, tizaz, garai batean egiten zuten bezala. Aurreneko sei tragoen ondoren, alkoholik gabeko kupeletako batera bideratuko dute taldea.
Printzipioz, bailaratik kanpoko bisitariei aplikatuko diete neurria, baina sagardotegiek aukera izango dute txoriburu xamar dabiltzan bertakoei ere alkoholik gabeko sagardoa emateko, aurreneko sei tragoen ondoren.
Gainera, nahi duenak hasieratik eskatu ahal izango du alkoholik gabeko sagardoa.